Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
ITSASOA

Txapelketen sasoia amaitzear dela, aurtengo denboraldiari errepasoa

Mundu mailako txapelketen denboraldia egunotan Haleiwan egiten ari diren CS txapelketarekin amaituko da. Euskal surf eta bodyboard zirkuituak, ostera, Mundakan amaituko dira abenduan. Hona aurtengo denboraldiaren errepaso bat, etenaldia aitzin.

Janire Gonzalez-Etxabarri.
Janire Gonzalez-Etxabarri. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Joan den irailaren 8an egin zen aurtengo CT denboraldiari amaiera eman zion Final Handia. Nesken zein mutilen rankingeko aurreneko bost sailkatuak bakarrik lehiatu ziren Trestleseko (Kalifornia) urautsian eta, azkenean, Stephanie Gilmore australiarra eta Filipe Toledo brasildarra nagusitu ziren.

Une gogoangarriak utzi ditu 2022ko denboraldiak. Janire Gonzalez-Etxabarri eta Bitor Garitaonandiak Europako WSL txapela eskuratu zuten. Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdiko zenbait surflari Challenger Series mailan lehiatu ziren. Eta etxean, Euskadiko surf eta bodyboard zirkuituetan parte- hartze zabala izan da.

CT, CS, QS ETA JUNIOR

Irailaren 8an egin zen aurtengo CT denboraldiari amaiera eman zion Final Handia. Nesken zein mutilen rankingeko lehen bost sailkatuak bakarrik lehiatu ziren Trestleseko (Kalifornia) urautsian eta, azkenean, Stephanie Gilmore australiarra eta Filipe Toledo brasildarra nagusitu ziren.

Filipe Toledo brasildarrak bere lehen WSL titulua eskuratu zuen eta Stephanie Gilmore australiarrak, ostera, zortzigarren aldiz lortu zuen titulu mundiala. Horrela, nesken kategorian lehen mailako txapel gehien irabazi dituen surflaria bilakatu zen 34 urteko lehiakide beteranoa.

Lehen mailako munduko CT itzulia amaituta eta irabazleak izendatuta, hurrengo urtean lehen mailan izango diren 18 neska eta 38 mutilak nortzuk izango diren zehaztea falta da. CT rankingeko lehen 12 neska eta 24 mutilek soilik dute hurrengo urtean lehen mailan jarraitzeko postua ziurtatuta. Geratzen diren postuak, ordea, oraindik indarrean den Challenger Series itzulia amaitzean baieztatuko dira, alegia, Haleiwako txapelketa amaitzen denean.

Euskal ordezkariei dagokienez, lehen mailara igotzeko aukera guztiak galdu dituzte. Haleiwako sariketa irabaziko balute ere, horietako inork ez luke CT mailara igotzeko behar adina puntu eskuratuko. Hala ere, maila ona erakutsi dute aurten CS mailan lehiatu ahal izan diren Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdiko sei surflariek.

Aurtengo denboraldian CS itzulian lehiatu ahal izan diren mutilen kategoriako 96 lehiakideen artean euskal ordezkari bakarra izan da: Adur Amatriain, eta, rankingean 38. postuan den arren, etorkizunean aurkari arriskutsua izan daitekeela erakutsi du zarauztarrak. Nesken kategorian, ostera, 64 lehiakide izan dira, eta Nadia Erostarbe da egun CS rankingean postu onenean dagoen euskal ordezkaria. Zarauztarra 27. postuan kokatu da, eta bere atzetik, 28. postuan, Ariane Ochoa bilbotarra dago.

CS mailara igotzeko QS (Qualifing Series) mailan lehiatzen ari diren euskal ordezkariei dagokienez, Kai Odriozola donostiarra aurkitzen da mutilen rankingean postu hoberenean; hamargarren da, eta Adur Amatriain zarauztarra, hamabigarren. Nesken kategorian Ariane Ochoa bizkaitarra rankingeko bigarren postuan da eta Janire Gonzalez-Etxabarri, hirugarren postuan.

Europako QS zirkuitua 2023ko udaberrian amaituko da eta orduan nesken rankingeko lehen zortzi sailkatuak eta mutilen rankingeko lehen hamar sailkatuak CS mailara igoko dira.

Aipagarria da, halaber, Euskal Herriko surflariek Europako Junior zirkuituan erakutsi duten nagusitasuna, aurtengo irabazleak bi gipuzkoar izan baitira, Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra eta Bitor Garitaonandia debarra.

Gainerako euskal surflariek ere emaitza oso onak bildu dituzte 20 urtetik beherako kategorian, baina bat aipatzearren oraindik 15 urte dituen Annette Gonzalez-Etxabarrik egin duen denboraldia nabarmendu daiteke. Europako Junior zirkuituko hirugarren lehiaketa irabazi zuen Bretainian eta hirugarren postuan amaitu zuen aurtengo zirkuitua.

Euskal Zirkuituak Euskal Herriko Federazioak antolatzen dituen modalitate eta kategoria desberdinetako zenbait zirkuitu amaitu dira, eta “Euskadiko Txapelak” ere banatuak izan dira, baina oraindik surf eta bodyboard modalitateko Open zirkuitua amaitzea falta. Hots, abenduko asteburu batean Mundakan egingo den txapelketa baten ostean izendatuko dira aurtengo txapeldunak.

Urrian amaitu zen Gazte Zirkuitua Mendexako Karraspio hondartzan. Irabazleak Berta Gainez eta Diego Martin izan ziren 18 urtez azpiko kategorian, eta Ane Illarramendi eta Martin Garcia-Eizaga, 14 urtez azpikoan.

Olaian surf zirkuituko bigarren proba Sopelako Arriatara hondartzan egin zen eta irabazleek “Euskadiko Txapela” ere eskuratu zuten. Mutilen kategorian Endika Garai izan zen irabazlea eta neskenean, Janire Gonzalez-Etxabarri. Beteranoetan Borja del Saz izan zen aurtengo txapelduna.

Bodyboard modalitatean ere itzuliko bigarren txapelketako irabazleek eskuratu zuten Euskadiko Txapela. Alex Urangak irabazi zuen kategoria irekiko txapela eta Mikel Egigurenek, 18 urtetik beherakoena. Orain azken txapelketa egitea falta da zirkuituetako irabazleak izendatzeko.