GARA Euskal Herriko egunkaria
HIMALAIA

Chumbu mendiaren mendebaldeko horma lehen aldiz igo dute

Zdenek Hacek Hak, Radek Groh, Petr Kejklicek eta Jaroslav Bansky izan dira protagonistak. Bide berriari “Zapelatzaren azken hegaldia” izena jarri diote, eta MD+ maila du. Laukoteak muturreko jaitsiera egin zuen.


Himalaiako udazkeneko denboraldiaren azken aleak iristen ari dira. Eta horien artean, Chumbuko (6.859 m, Nepal) mendebaldeko horman egin den jarduerak berezko tokia du. Murru horren lehen igoera izan da. Zdenek Hacek Hakek zuzendutako espedizioan lau alpinistak parte hartu dute: Radek Groh, Jaroslav Basnky, Petr Kejklicek eta Juraj Korenek. Azken hori espedizioa hasi bezain laster erretiratu zen, dengeak jota. Hakek, aldiz, zorte handiagoa izan zuen; izan ere, birus bera harrapatu, osatzeko aukera izan eta bat egin zuen bere taldekideekin.

Eskalatutako “Zapelatzaren azken hegaldia” bidearekin (MD+) laukoteak seimilako horrek zintzilik zuen xede bat amaitzea erdietsi du. Nahiz eta lan eskerga egin zuten, igoerak ez zien buruhauste handirik eman. Bai, ordea, jaitsierak: baldintza oso kaskarrak izan zituzten, galduta ibili ziren, bi kidek izozketak izan zituzten, bibak bat egin zuten…

Hurrengo lerrootan espedizioaren buru Hakek luze eta zabal hitz egingo digu Nepalgo mendi horretan bizi izan zuen eskarmentuaz (NAIZen osorik irakur daiteke):

Chumbu mendian, omenaldia

«Iragan udaberrian Jarda Bansky eta biok Kanghung Shar mendia eskalatzen izan ginen.

«Mendiaren goi ordokian, ezustean, dendari argazki bat atera nion. Etxera itzuli eta irudi bera ikusi nuenean, ohartu nintzen dendaren atzean mendi eder baten mendebaldeko horma zegoela. Hainbat lekutan arakatu ondoren, deskubritu nuen mendi hori, Chumbu (6.850 m), igo gabe zegoela. Hori zen geure helburua!

«Lehen bibaka 5.700 metrora egin genuen; hormaren azpian. Biharamunean, gure asmoa egun horretan tontorra egitea zenez, goiz altxatu ginen, baina ohartu gabe aurreikusitako ibilbidean nahastu ginen.

«Ezkerraldean zegoen korridore batean sartu nintzen; erraza zirudien. Nolabaiteko bilera bat atondu nuen bi pioletekin eta nire gorputzarekin, eta ia segurtasunik gabe nire sokakideak oso tenteak ziren aldats ezegonkorrak gainditu zituen. Beste luze bat eskalatu eta gero, mendiaren sorbaldara iritsi ginen. Hor bertan azken gaua igaro genuen.

«Biharamunean, hotz handia egin zuen: -25º. Jarda eta biok izan ginen lehenak ateratzen, eta hala Chumbuko tontorra zapaltzen munduko lehen alpinista bihurtu nintzen. Ondoren, nire kideak heldu ziren; den-denak pozarren ginen. Ordu erdi baino ez genuen egin tontorrean.

«Alpiniston artean maiz aipatzen dugu benetako arrakasta dela kanpaleku nagusira onik heltzen zarenean. Eta adierazpen horrek indar handia hartu zuen gure jaitsieran. Une jakin batean erabat galduta geunden; eta elurra gogor zedin, beste bibak bat egitea otu zitzaigun. Jardueraren azken egunean, ertzak zituen dorreak gainditu, rappel batzuk egin eta arrokazko tarte baten aurrera iritsi ginen. Erabaki nuen parabolt bat jartzea. Arriskua oso handia zen. Saiatu ginen ahalik eta azkarren jaisten, baina Petr-ek oinetan izozketak zituen eta erreskate dei bat egitera behartuta egon nintzen. Helikopteroak saio bat baino gehiago egin zuen ebakuatzeko, baina haize boladek atzera egitera behar zuten.

«Jaisten jarraitu genuen. Gauean tenperatura asko jaitsi zen: -10º. Lobuche herrixkara 22.00etan iritsi ginen. Petr eta biok izozketak genituenez, Katmandura ebakuatu gintuzten. Eskalatutako bideari “Zapelatzaren azken hegaldia” izena jarri diogu. Horrekin iaz Tatra mendietan zendutako Andrzej Sokolowski omendu nahi izan dugu».