GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren azukreak


Gazta-tartaren atalarekin bukatzeko aipatuko ditut horrek dituen azukreak. Findutako azukreak izugarrizko triskantzak eragin ditu azukre zuria ezagutzen ez zuten gizarte primitiboetan, kolonizatzaileek herri aske askotara (Afrikako tribu asko ditut buruan, edo yanomamiak eta tupi-guaraniak Brasil eta Venezuelan) “pozoia” eraman zutenean. Azukrea beti izan da inbaditzailea, gurean eta ezagutzen ez genituen tribu horietan. Kolonizatzaileen azukre pozoitsuarekin baztertu zituzten tribuetako betiko “gozoak”, indar handirik egin gabe. Findutako azukreek erakargarritasuna eta mendekotasuna sortzen dute istant batean burmuinean. Odolera iristen denean sentsazio guztiak bixiarazten ditu, jendearen estimuluak erotzen ditu. Musikak ere bai.

Tartak, izan gaztarena edo sagarrarena, askotan balio du azaltzeko nola dagoen banatuta ekonomikoki CDari edo diskoari dagokion kale salneurria, edo egile-eskubideen tarta nola zatitzen den. Spotify enpresaz ari den telesaioan aztertzen dira tarta horren gardentasun gutxiko banaketak.

Donostiako taberna bateko gazta-tarta ospetsuenetan ospetsuenetakoa da munduan. Urteetan tarta horren bila milaka erromes pasatu dira Abuztuak 31 kaletik. Frantziarrak, japoniarrak, katalanak, estatubatuarrak, bilbotarrak, ingelesak, txiletarrak, alemanak, eta abar. Denak lehen mundukoak. Hiriburuan atera zaizkio lehiakideak antzekoak eskainiz. Koinata Elik zoragarria egiten du.