Amaia EREÑAGA
BILBO

Mikel Urdangarin: «‘Badena eta ez dena’ opari bat da, sari bat, fereka bat»

Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin lan egitea «zure esanetara dagoen plaka tektoniko batekin» aritzea bezalakoa dela aitortu zuen atzo Mikel Urdangarinek. Orkestra osatzen duten 80 musikoak magma bezala irudikatzen ditu, oinen azpian etengabe mugitzen ari den indar kontrolaezina izango balira bezala... «Baina sumendiaren ordez, magia sortzen da». BOS eta zornotzarraren artean sortutako lilura horretatik atera da «Badena eta ez dena» diskoa .

Mikel Urdangarainek bere ibilbideko 19. disko plazaratu du.
Mikel Urdangarainek bere ibilbideko 19. disko plazaratu du. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bilboko Orkestra Sinfonikoaren sorreraren mendeurrena eta Mikel Urdangarinen 25. urteurrena batzen dituen proiektu zabal baten bigarren urratsa da “Badena eta ez dena” disko sinfonikoa. Lehenengo pausoa Bilboko Aste Nagusian eman zuen, zuzeneko kontzertu jendetsu batekin; orain, Mikel Urdangarinen 19. diskoa izango dena entzuleria zabalago baten bila atera da. Diskoa denda fisikoetan eta plataforma digitaletan salgai egongo da datozen egunetan. Otsailaren 25ean Urdangarinek eta BOSek kontzertua eskainiko dute Getxoko Muxikebarrin.

“Badena eta ez dena” «lan talde baten» emaitza dela nabarmendu nahi izan zuen atzo Zornotzakoak. Eta horretarako, bidaide izan dituen musikariak aldamenean izan zituen Euskalduna jauregian. Izan ere, lan sinfoniko honetan, Urdangarinen kantutegi propioa eta bere “unibertso” musikalez gain, parte hartu duten beste kideen arrastoak ere argi aurki daitezke: Bilboko Orkestra Sinfonikoa -«oso naturala izan da lan guztia, oso erraza; esaterako, aurreikusitako data baino lehenago bukatu genuen grabazioa», aipatu zuen Ibon Aranbarrik, BOSeko zuzendari nagusiak-; Iker Sanchez Silva, orkestrako zuzendaria; Koldo Uriarte ekoizle eta moldatzailea; eta, batez ere, Bingen Mendizabal konpositorea, berak egin baititu egokitzapen gehienak.

Irailean BOSeko egoitza nagusian grabatutako “Badena eta ez dena” diskoak 15 kantu biltzen ditu, horietatik 13 Urdangarinen errepertorioko entzutetsuenak, orkestrarako egokiak. Diskoa obertura eta kanta berri batekin osatzen da, eta Urdangarinen zigiluan argitaratu da. «Hemen akaso lan gutxien egin duena ni izan naiz. Lan hau opari bat da, sari bat, fereka bat», aitortu zuen kantariak: «Amets baten gailurra da. Egia bihurtu den ametsa. Uste dut orain mende laurden amestu nuela noizbait orkestra sinfoniko batekin zerbait sortuko nuela. Eta amets hori bete da. 80 musikariko orkestrarekin jo ahal izatea aprobetxatu nahi nuen, eta horrela kantak ‘berraurkitu’ ditut, beste modu batera moldatuta daudelako. Nik gozatu egiten dut diskoa entzutean. Ehun aldiz entzun ditudan kantak izanik nekatuta egon nintekeen, baina niretzat argitasun berezia duten kanta hauei argi berria eman diete».

Klaketarik gabe

Dena den, ez da ohiko lan sinfonikoa. «Klaketarik gabe grabatu dugu, arrisku guztiak hartuta, baina ez dugu atalka grabatu. Normalean horrela grabatzen da, soinu indartsuagoa lortzeko, ekoizterako orduan nolabaiteko maniobra aukera ematen dizulako. Guk orkestraren soinu purua jasotzea hautatu dugu. Hori da klaketarik gabe grabatzeak duen bertutea, orkestrak nola hartzen duen arnasa, nola azeleratzen den, nola atseden hartzen duen, nola zabaltzen den eta nola ustiatzen den sentitzen duzulako». Koldo Uriarte Urdangarinen bandako kidea da, eta berak egin ditu ekoizle lanak: «Mikel, bere diskoetan, beti egiaren bila ari da. Hemen ere horrela izan da. Bestalde, Bingen ez da orkestrak dakiena edo orkestrak eman dezakeen ikusgarritasunaren bila ari. Agian ‘gutxiago gehiago da’ horren bila joan da, sakontasun bat agertzeko».

Mendizabalen “eskua”, beraz, argi nabaritzen da lan honetan. Gasteiztarra film askoren soinu-banda egilea da -”Secretos del corazón”, “La madre muerta”, “Alas de mariposa”...-, eta erronka «konplexu eta ilusionagarri» honetan sartu zen buru-belarri. Are gehiago: «Hauxe da nik idatzi dudan gauzarik onena», aitortu zion Mikel lagunari, lana gauzatzen ari zirela. Agian hau da sekula egin duen lanik zailena ere, BOSen neurriko orkestra batekin lan egitea ez baitzaio erraza egin: «Pribilegio bat izan da, zineman beste modu batean ohituta nagoelako: orkestrek lehenbailehen bukatu nahi dute, lehenbailehen kobratzeko». Eta nola argituko luke Bingen Mendizabalek “Badena eta ez dena” diskoan egin duena? «Kanta originalei beste bira bat eman nahi nien, beste toki batera eraman», erantzun zuen.