GARA Euskal Herriko egunkaria

Xabier Leteren poesiaren «alabantzan» egindako bilduma

Hiru liburukietan Xabier Leteren lanak bildu nahi izan dituzte, euskal kulturari egindako ekarpenari balioa emanez eta transmisiorako baliagarria izango den tresna bat sortuz: «Xabier Lete. Poema eta abesti guztiak».

Egitasmoan parte hartu duten eragileen ordezkariak, atzoko aurkezpenean. (ALBERDANIA | ALBERDANIA)

Euskal kulturaren erreferentea den Xabier Leteri aitortza egin nahi izan diote bere poemak eta abestiak biltzen dituen liburu bilduma argitaratuz. “Xabier Lete. Poema eta abesti guztiak” lana elkarlanaren fruitua da. Gipuzkoako Aldundiak sustatuta, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalaparta argitaletxeekin eta Euskal Editoreen Elkartearen laguntzarekin. Alex Gurrutxaga eta Lourdes Otaegi ikerlariak arduratu dira ahalik eta informazio gehien biltzeaz eta antolatzeaz.

Kutxa batean datozen hiru liburukietan, 1.000 orrialde baino gehiago osatu dituzte guztira. «Bilduma hau Leteren poesiaren alabantzan egina da, omenaldi bat», aipatu du Otaegik, eta azaldu du liburu hau «aurrez egindako ikerketa askoren batura» dela. Izan ere, horiek guztiek erraztu dute lan hau, eta horiei eskertuz mamia 100 orrialdetako hitzaurrean txertatu dute.

Egileek argi utzi nahi izan dute publiko orokorrari zuzendutako lan bat dela hau; ez da adituentzako zerbait, seriotasunez egindako lana baldin bada ere. «Transmisiorako beharrezkoak dira edizio argituak», eta honek aukera ematen du Lete poetaren figura «ezagutzeko, dastatzeko eta disfrutatzeko».

Lehen liburukian hitzaurrea eta Leteren lehen hiru liburuak jaso dituzte. Bigarren liburukia da obrarik beteena eta helduena, Otaegiren ustez. Hor dago “Egunsentiaren esku izoztuak” testua. Hirugarrena, berriz, bitxiena da.

«Edizioan barrena argibideak ematen jardutea izan da gure lana», adierazi du Gurrutxagak. «Leteren ibilbideak mende erdia hartzen du. Lehen bi tomoetan lan argitaratuak daude, eta hirugarrenak balio erantsia ematen dio bildumari. Bertan daude sakabanatutako poemak -liburu ezagunetan ez daudenak, ineditoak, itzulitakoak eta aldizkarietan argitaratuak-».

Hala, azken atala poema eta abestiez osatuta dago, ezin delako Lete partzialki ulertu. «Ezin da Lete poeta ulertu, Lete abeslaria ulertu gabe. Eta alderantziz», aipatu du ikertzaileak.

Testu batzuk oso ezagunak dira eta beste batzuk oso gutxi. Ez dute zirriborro moduan idatzitako testurik sartu, osorik zeudenak bakarrik. Horietan daude bi poema sorta, 1967-1968 urtekoak. Saiatu dira testuak kronologikoki antolatzen eta iturriak zehazten.

Kontuan izanik plagioaren itzalak Leteren lanak zipriztindu duela, arreta handia izan dute daukaten informazio guztia txertatzen. Itzulpenak direnean, jatorrizkoa zein den adierazi dute, edo doinua nondik datorren badakite, hura ere aipatu dute. «Abestiekin zaila da jakitea, ohikoa zelako batak besteari pasatzea. Batek letra egiten zuen, beste batek moldaketa... Normala zen kantari frantsesen doinuak erabiltzea. Saiatu gara zehazten», kontatu du Gurrutxagak.

Hitzaurreari dagokionez, azalpenak eman nahi izan dituzte, «luzea» delako; baina hala egitea beharrezko ikusi dute ikertzaileek. «Uste dugu ibilbide biografikoari eta bibliografikoari buruz ohar asko eman behar genituela. Leteren obra eraikita dago euforia zein iluntasun momentuez; bere kontrakoa eta kontrakoaren kontrakoa izan zen, eta hori azaltzen luzatu gara», esan du Gurrutxagak.

Otaegiren hitzetan: «Badago Lete bat jendeak ezagutzen duena, eta beste bat barnekoia, espiritualtasunean sartu zena. Nahi genuen jendeak hori ezagutzea».