A. G.
SASKIBALOIA

Gernikak eta Araskik balentria egin dute

Roso Buch, indartsu eta ausart.
Roso Buch, indartsu eta ausart. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Balentria. Ez dauka beste izenik Lointek Gernika Bizkaiak eta Kutxabank Araskik bart Perfumerias Avenidaren eta Spaer Gironaren aurka egin zutenak. Bizkaitarrek Perfumerias Avenida 62-60 mendean hartu zuen, aurreneko laurdenean 0-7 galtzen hasi eta gero.

Are eta handiagoa egin zuen, ordea Kutxabank Araskik. Holopainen gabe eta Laura Pardo jokora itzulita, Spar Gironaren kantxan nagusitu zen, 62-64 irabaziz, aurreneko erdian 35-24 galtzen izan ostean.

Lastima bakarra IDK Euskotrenen porrota izan zen. Azu Muguruzarenek ezin izan zuten Lugoko Ensino Josean Gascan mendean hartu, eta 60-69 galdu zuen.

Malosten aspaldiko partez jai eguna izan zen Perfumerias Avenidaren aurkako norgehiagoka. Egia da aurreneko minutuetan Roberto Iñiguez de Herediaren taldeak ihes egin zuela, baina bizkaitarrek defentsa estutu zutenean gauzak goitik behera aldatzea erdietsi zuten, hasi eta buka.

Une batez, gainera, Lointek Gernika Bizkaiak erraz irabaziko zuela zirudien, atsedenaldira 31-28 iritsita eta hirugarren laurdenean 17-9ko partziala lortuta.

Baina Maite Cazorlak zezenari adarretatik heldu zion eta Salamancako taldeak atzetik aurrera sekulako lana egin zuen. Azken unean Williams eta Spreaficoren jaurtiketek baino ez zioten eman garaipena eskuratzeko behar zituen puntuak.

AURKIA ETA IFRENTZUA

Valentzian irabazi du aurten Kutxabank Araskik eta bart Gironari ere hortzak erakutsi zizkion. Azkenera arte emozioa eta ezin sinetsia izanagatik ere, Tanaya Atkinsonen eta Flor Chagasen puntuek eta defentsan egindako lanak Girona ia punturik sartzeke laga zuten gasteiztarrek. Gironbak ez zuen arabarren defentsa zulatzen asmatu.

Azken laurdenean, bestalde, 10-16ko partziala eraman zuen IDK Euskotrenek eta porrot honen ostean zortzi onenen artetik erori da talde donostiarra.