Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Kanaria Handia aurrean eta ezer ere ez atzean

Bilbao Basketek Igokearen kontra Txapeldunen Ligan jasandako estropezua baztertu eta ACB Ligako laugarrena gainditzea du xede, gaur arratsaldean.

Aurrera begira jarraitu nahi du Radicevicek.
Aurrera begira jarraitu nahi du Radicevicek. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Astean zehar Igokearen aurka partida bat jokatu dugu, baina orain ez daukagu astirik orduan jazo zena ikasteko. Gure hurbileneko helburua Kanaria Handia gainditzea da». Jaume Ponsarnauk, atzo esandakoari jaramon eginez gero, ez ei du ikasgairik atera talde bosniarraren aurka jasotako zaplaztekotik, baina, hala baldin bada, gaizki behar dute beltzezko gizonek gaur arratsaldean Miribillan, 18.00etan hasiko den neurketan.

«Partidak okertzen zaizkigunean ere irmo mantentzen ikasi behar dugu», adierazi zuen asteazken gauean, baina itxura denez, 48 ordu baino gutxiagotan Txapeldunen Ligan jasandako disgustua irentsi du Tarregako entrenatzaileak, eta orain Kanaria Handia du begien bistan.

Hobe du, bai, Bilbao Basketek aurrean zein izango duen begien bistan izatea, ACB Ligako laugarrena baita uneotan Jaka Lakovicek zuzentzen duen taldea, bigarrenarekin berdinduta, 7-2 balantzearekin. «Talda aparta da», aitortu zuen Ponsarnauk. «Talde sendoa eraiki du, orekatua eta arrakalarik gabea, eta horren aurka gure bertsiorik onena atera beharko dugu».

HAKANSON BUELTAN DA

Bertsiorik onena atera ahal izateko, ahal bezainbeste jokalari erabili beharko ditu Jaume Ponsarnauk. Horietako bat Ludde Hakanson izango da ziurrenik. Suediarrak ezin izan du jokatu Bilbao Basketen azken bi neurketetan eta, Zaragozaren aurka bere faltarik antzeman ez bazen ere, asteazkenekoa beste kontu bat izan zen.

«Zalantzarik gabe aurrerapauso bat eman du egunotan. Egia da Niko -Radicevic- oraindik ez dagoela lehiaketak eskatzen duen erritmora erabat eginda eta, beraz, oso ondo letorkiguke Luddek minutu batzuk jokatzerik balu. Bera bueltan izatea bikaina litzateke guretzat, ezinbesteko jokalaria baita taldearentzat», aitortu zuen atzo beltzezko gizonen entrenatzaileak.

Nikola Radicevicek, aldiz, oroimenean zuen eguazteneko neurketa: «Energiarik gabe, defentsarik gabe... partida txarra jokatu genuen. Baina alferrik da horretan pentsatzea. Orain berriz ere talde osoa jokatzeko moduan dugu eta horrek begirada Kanaria Handian zentratzera eraman behar gaitu», adierazi zuen antolatzaile serbiarrak. «Denak jokatzeko moduan gaudenez gero, pauso bat aurrera emateko momentua da», gaineratu zuen.

Kanaria Handia aurkari oso gaiztoa da Bilbao Basketentzat, betidanik lanak eman baitizkio talde bizkaitarrari. Alabaina, joan den abenduaren 19an 95-80 nagusitu ziren beltzezko gizonak. Egun hartan Damien Inglis pibot frantsesa bilbotarrekin zen; aurten, Kanaria Handiarekin. Bizkaitarrek mailari eusteko oso lagungarria izan zen iaz Inglis. Gaur arratsaldean, berriz, beste kontu bat izango da.