GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Iñaki Williams zapore gazi-gozoarekin itzuli da Munduko Txapelketatik

Aurrelari zuri-gorriak astebeteko oporrak izango ditu atseden hartzeko eta Sestao Riverren kontra jokatzeko moduan izango da.

Iñaki Williams Ghanarekin, Uruguairen kontrako partidan. (Alfredo ESTRELLA | AFP)

Iñaki Williams Lezaman izan zen atzo goizean eta Athleticekin lehiatzen hasteko gogotsu dagoela erakutsi zuen. Ostiralean amaitu zen Ghanaren ibilbidea Qatarren, Uruguairen kontra galdu ondoren final-zortzirenetatik kanpo geratu baitzen selekzio afrikarra. Hala, aurrelari zuri-gorriaren parte hartzea gazi-gozoa izan da. Hiru partida jokatu ditu hasieratik, baina ez du golik lortu. Aukerak izan dituen arren, ez da hain ondo konpondu Ayew anaiekin erasoko jokoan eta taldeak ere ez du asmatu Williamsen dohainei zukua ateratzen.

Ziur asko txapelketako une gogoangarrienetako bat izan zitekeen jokaldia sinatzekotan egon zen. Portugalen aurkako lehen norgehiagokaren luzapenean 3-2 galtzen ari zen Ghana. Williams atezainaren atzean ezkutatu zen eta Diogo Costak baloia lurrera bota zuenean ezustean agertu eta baloia lapurtu zuen. Tamalez, irrist egin eta gol aukera ezerezean geratu zen. Hego Korearen aurkakoan ere hasieratik jokatu zuen eta gola egiteko zorian izan zen, baina errematean kale egin zuen eta Kudus taldekideak baliatu zuen hori gola egiteko. Ajax taldekoa izan da Ghanaren izarretako bat txapelketan eta Williamsek berak aitortu du harrituta utzi duela haren mailak.

Uruguairen kontrako azken partidan ezin izan zuen askorik egin, hegoamerikarrak hobeak izan baitziren. Penalti bat huts egin zuen Ghanak markagailuan berdinduta zeudenean eta ez zuten burua altxatzea lortu.

Munduko Txapelketatik kanpo geratu ostean, mezu bat bidali zuen Williamsek bere sare sozialetan. Indartsuago itzuliko direla azpimarratu zuen eta zaleengandik jasotako babesa eskertu zuen. Jarraitzaile askok Ghanarekin jokatzeko egindako hautua eskertu zioten erantzunetan. Williamsek uda honetan erabaki zuen bere familiaren jatorrizko herrialdea ordezkatzea. Beste askok, berriz, ez duela golik egin aurpegiratzen zioten. Ikusiko da etorkizunean zer gertatzen den; izan ere, Athleticeko aurrelariak Ghanarekin Afrikako Kopan jokatzeko prest egongo litzakeela esan du. Otto Addo entrenatzaileak kargua utzi du eta Borussia Dortmundera itzuli da, bigarren entrenatzaile lanak egiteko. Beraz, Ghanako selekzioak eraberritze prozesu bati ekingo diola aurreikus daiteke.

LEHEN LAGUNARTEKOA

Williamsek astebeteko oporraldia izango du eta Kopako kanporaketa jokatzeko moduan egongo da. Abenduaren 20an neurtuko dituzte indarrak Sestao Riverren aurka. Lehen talde zuri-gorria denboraldi-aurre txiki batean murgilduta dago eta gaur jokatuko dute adiskidantzazko aurreneko partida. Valladoliden kontra arituko dira Mirandesen zelaian 12.00etatik aurrera. Igandean, aldiz, Chivas talde mexikarraren aurka jokatuko dute San Mamesen. Hurrengo astean, berriz, Burgosen eta Udineseren kontra arituko dira.