EDITORIALA

Ikuspegi orokorra duten tokiko urratsak

Etxetik bi kilometrora dauden elementuekin autokontsumo-sareak eratzea ahalbidetuko duen lege aldaketa berrikuntza oso garrantzitsua da. Izan ere, autokontsumoa sortzeko aukera malgutzen du; adibidez, eguzki-plakek etxebizitzan bertan egon behar izan gabe. Ekintza-eremua zabalduz, hurbileko espazioetan sorgailu elektrikoak jartzeko aukerak handitzen dira, eta beste pertsona batzuek talde-proiektu batean parte hartzeko aukera ere errazten da. Hortaz, malgutasun hori funtsezkoa da energia-komunitateek aurrera egin dezaten.

Aldaketa horiek trantsizio energetikorako oso garrantzitsuak diren bi alderdi agerian uzten dituzte. Alde batetik, energia-autokontsumoaren garapenik eza ez da horrenbeste herritarren erantzukizuna, borondate politiko faltaren emaitza baizik. Egungo arau-esparrua ez dago diseinatuta tamaina txikiko autokontsumo-proiektuak bultzatzeko, ezta oinarrizko energia-komunitateak sortzeko ere. Autokontsumoak eta mota horretako komunitateek oligopolio energetiko handien boterea ahultzen dute eta haien etekinak murrizten dituzte. Arau-esparruan gertatzen diren aldaketak horregatik dira hain motelak eta egoerak behartuak ia beti. Energia-krisiaren testuinguruan, autokontsumorako baldintzak mugitzera eta malgutzera aspaldi jo behar zen; alabaina, elektrizitatearen garestitzea izan da Madrilgo Gobernua mugiarazi duen faktorea. Beti abagunearen atzetik, oligopolio handiak sumindu ez daitezen. Bestalde, aldaketa horrek bistan utzi du toki-erakundeek zeresan handia dutela energia-autokontsumorako proiektuak garatzeko erronkan. Espazio publikoen kudeaketa aktiboak, adibidez, ateak zabal diezazkioke energia-komunitateak eratzeari eta autohornikuntzari.

Tokiko eremuan energiaren autokontsumoa handitzeko egiten den orok autonomia handitzea dakar, eta hori onuragarria da gizartearentzat eta ingurumenarentzat. Hala ere, ez da bistatik galdu behar arau orokorrek baldintzatzen dituztela gehien autosufizientzia energetikorantz aurrera egiteko aukerak. Eta arau horiek aldatzeko burujabetza eta borondate politikoa ezinbestekoak dira.