GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Giza eskubideak, eguneroko borroka


Datorren urtean Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala sinatu zeneko 75. urteurrena ospatuko da abenduaren 10ean. Adostasun zabala biltzen duen nazioarteko dokumentu gutxietako bat da. Gainera, gizartea aldatzen joan den heinean, hasierako adostasun hori zabaldu egin da, adibidez, ingurumen garbi, osasungarri eta iraunkorra izateko giza eskubidea gehituz. Eta erronka berriak sortzen ari dira etengabe. Horien artean, teknologia berriekin eta horien ondorioekin lotutakoak nabarmentzen dira, baina baita osasunaren bilakaera, atzeraldi ekonomikoa edo aldaketa demografikoak ere. Eta horien aurrean oraindik ez dago erantzun argirik.

Nolanahi ere, Volker Türk Nazio Batuen Giza Eskubideetarako goi komisarioak adierazi zuen bezala, lortu ez diren ideal batzuk jasotzen ditu Adierazpenak. Ildo horretan, salatu zuen sortze-adostasun hori higatu egiten dela giza eskubideak irabazi politikoak lortzeko erabiltzen direnean, Goi Batzordearen eraginkortasuna ahultzen baita eskubideak babesteko, sustatzeko eta urraketak saihesteko. Giza eskubideen eraginkortasuna, hain zuzen ere, bere izaera unibertsalean dago, pertsona guztiei dagokie, eta zatiezina da, guztiak elkarri estuki lotuta daude eta, beraz, ezin da bat bete besteak gabe. Halatan, azpimarratu behar da ez dagoela askotan irudikatzen den dikotomia, zeinaren arabera badiren eskubide batzuk «gogorrak» direnak -nagusiki eskubide zibilak eta politikoak kontuan hartzen dira horien artean- eta eskubide ekonomiko sozialak eta kulturalak barne hartzen dituzten «bigunak» direnak. Guztiak elkarrekin konektatuta daude, interdependenteak dira eta neurri berean bete behar dira.

Giza eskubideak funtsezko zutabea bihurtu dira egungo gizarte garaikideen gobernantzarako; hala ere, ez da ahaztu behar giza eskubideak ezartzea borondate politikoaren mende dagoela, eta, alde horretatik, hutsunea gero eta nabarmenagoa dela. Azken finean, ez da eskubiderik lortu borrokarik gabe; eta eskubideen arloan atzerapausoak emateko arriskua etenik gabea da. Hortaz, giza eskubideen aldeko jardunak eguneroko borroka izan behar du ezinbestean.