Ane URKIRI ANSOLA
BINAKAKO TXAPELKETA

Altuna garaipenarekin itzuli da Binakakora

Jokin Altunak 11 tanto egin zituen.
Jokin Altunak 11 tanto egin zituen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Tantoa errepikatu egin beharko zatekeen, baina ez da nire errua. Horregatik, partidan zehar entzun diren txistukadek ez daukate lekurik». Jokin Altunaren hitzak dira, ETB1eko kameren aurrean esanikoak, partida bukatu eta segituan. Garaipenarekin estreinatu zen Binakakoan, Tolosarekin bikote eginda. Aurreko bi jardunaldietan Danel Elezkanok ordezkatu zuen amezketarra eta Labriten berragertu zen, «oraindik konfiantza falta eta beldur apur batekin», onartu zuenez.

Altuna III.a-Tolosa bikoteak 14-22 irabazi zien Ezkurdia-Martijari eta hala, bigarren garaipena erdietsi zuten gipuzkoarrek. Arbizukoa eta Etxeberrikoa, aldiz, puntu bakarrarekin geratu dira, hiru jardunaldi jokatuta.

Indartsu hasi zen bikote gorria, baina ezin izan zuen markagailuan alde nabarmenik ireki. Zeharo parekatua izan zen partida hasiera. 6-9koa izan zen hiru tantoko aldea ezarri zen lehen aldia, urdinen alde, baina ezin izan zuten ihes egin. Tolosa eta Martijaren arteko lehia ikusgarria izan zen, aurrean Ezkurdia eta Altuna errespetuz aritu ziren bitartean. Errespetuz baina noizean behin beren abilezia agerian utziz. Horren adibide, Ezkurdiaren ezker gantxoa (4-3) edo Altunak atzean eginikoa (5-7).

ZAILENA EGIN

Altunak eginiko 7-10eko tantoarekin, partida apurtu zitekeela zirudien; are gehiago, 13raino iritsi zirenean. Gorriek, baina, ez zuten amore eman eta zailena lortu zuten, partida berdindu ez ezik, markagailua ere iraultzea (14-13). Ezkurdiaren bertsiorik onena ikusi ahal izan zen, erreskadan egin zituzten zazpi tantoetatik bost Arbizukoak egin baitzituen.

Bukaeraraino lehia estua izan zitekeela zirudienean, baina, polemikako tantoa iritsi zen. Altunak justuan eraman zuen ezker hormara botatako pilotakada eta, lekua berreskuratzerakoan, Martijaren lasterketa oztopatu zuen. 14-14koa ezarri zen markagailuan eta ordutik aurrera, tanto guztiak urdinak izan ziren, pilota berri eta bizia ezin apurtuta ibili baitziren gorriak.