GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Aurpegia emanda esnatu da Bera Bera EHF European Leagueko ametsetik

Donostiarrak gogor borrokatu ziren Besançonen aurka, baina azkenean beste porrot bat jaso zuten, hau ere hiru golekoa. Hala, multzoen fasera sailkatzeko helburua zapuztuta geratu da. Hurrengo asteburuan Superkopa jokatuko dute Malagan.

Besançoneko jokalarien poza eta, atzean, Bera Berakoen tristura. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Aurpegia eman» izan da Bera Berak aukeratu duen leloa EHF European Leagueko kanporaketari aurre egiteko. Besançonen hiru golengatik galdu izanak apur bat zaildu zuen kanporaketa eta, beraz, zaleak eta taldea bat eginda zailtasunari aurre egiteko erronkarekin kantxaratu ziren atzo donostiarrak. Aurpegia emanda ere -eta nola eman gainera; Mariane Fernandes, Menendez, Boada edota Arcosek kolpe galantak jaso baitzituzten- ezin izan zuten denboraldiko helburu nagusi gisa jarritakoa bete. Europa Ligako multzoen fasera sailkatzeko ametsetik esnatu zen, alegia.

Besançonen jokaturiko partidan Imanol Alvarez entrenatzaileak ez zuen ikusi bere taldearen esentzia eta atzokoan, behintzat, hori berreskuratu izanarekin pozik agertu zen. Jakina, ez zen nahikoa izan, ate aurrean, dena alde edukita ere, behar baino gehiago huts egin baitzuten. Hegaletik egindako zortzi jaurtiketetatik bakarra sartu zen; 6 metroetatik 14 asmatu zituzten 22 saiakeratatik, eta 7 metroetan ere ez zuten lortu esperotakoa, zazpi jaurtiketetatik lau sartu baitzituzten. Laura Hernandezen bigarren huts egitean Loidik hartu zuen erantzukizuna; elgoibartarrak ere bigarren huts eginda, Arcosen txanda iritsi zen, eta honek 4tik 3 asmatu zituen.

Nolanahi ere, ate aurrean hain fin ibili ez izana ez da arrazoi nahikoa taldeari zerbait aurpegiratzeko, Imanol Alvarez teknikariaren esanetan. «Jokalariak hustu egin dira. Talde honen aurka markagailua iraultzeko minutu asko segidan huts egin gabe egon behar duzu, %100ean, bai defentsan eta baita erasoan ere, eta hori oso zaila da», azaldu zuen ermuarrak partida osteko prentsaurrekoan.

ITXAROPENTSU

Kanporaketan sartuta egon zen une oro talde donostiarra. Hiru goleko desabantaila iraultzea zaila bai baina ez zirudien ezinezkoa. Txukun hasi zen, gainera; 2-0eko hasiera, eta 9. minutuan Arrojeriak, hiru gol segidan eginda, 5-4koa jarri zuen.

Talde frantziarrari, ordea, ez zitzaion kostatu markagailua bere alde jartzea eta hortik aurrera korrontearen kontra aritu behar izan zuten gipuzkoarrek. Benetan kontra, Boadak lehen zatiaren hondarrean eginiko gola, 15-15eko berdinketakoa, gogotik ospatu baitzen. Josean Gascako harmailetan bildu zen jende guztiak altxatu zituen eskuak, garaipenaren gola izango balitz bezala. Ez zen izan garaipenekoa, baina «kanporaketa 30 minutura murriztea» ekarri zuen, Esther Arrojeriak ondo deskribatu zuen moduan. Bigarren zati horretan erabakiko zen berez 120 minutuko kanporaketa.

Bigarren zatiko hasierak ere itxaropenerako tartea ireki zuen, 3-2ko partziala sinatu baitzuten etxekoek. 18-17 eta 19-18 aurretik jarri ziren; hori gutxi ez eta Cavok aldea bi golera handitzeko aukera izan zuen, baina Sakura Hauge atezainak oztopatu zuen. Norvegiarra ordezko moduan hasi zen, baina azkenerako partida bikaina burutu zuen, jaurti zizkioten baloien %47 geldituta. Argentinarrak asmatu ez eta frantziarrek hiru gol jarraian eginda, 19-21ekoa jarri zuten. Hor apurtu zen partida, nahiz eta Arcosek 20-21ekoa jarri, kanpokoek ate aurrean asmatu eta bi goleko abantaila murriztea neketsua egin baitzitzaien donostiarrei.

AZKEN ZAZPI MINUTU

Nolanahi ere, lortu zuten azkenengo zazpi minutuetara 24-24ko berdinketarekin iristea. Giuliana Gavilanek egin zuen gola, Bera Beraren azkena aurtengo Europa Ligan, azken zazpi minutuetan golik ezin sartu aritu baitziren etxekoak. Tentsio horrekin, publikoa ere berotu egin zen, ametsa amesgaizto bihurtu zitekeela ikusita. Epaileen zenbait erabakik sutan jarri zuten pabiloia, baina ezin izan zuten saihestu Zazai, Mairot -partidako golegile nagusia 8 golekin- eta Bonnetek ate aurrean asmatzea. Hala, bigarren partida ere hiru goleko abantailarekin irabazi zuten frantziarrek. Sebastien Mizoule entrenatzaileak adierazi zuen «tentsio handiko» partida izan zela, presio handia nabaritu zutela eta bukaerara arte ez zutela ikusi argi garaipena.

Orain, Superkopan eta ligan zentratzea dagokio Bera Berari. Izan ere, urtea bukatzeko bi erronka handiri aurre egin beharko die. Hurrengo asteburuan, 18an, Malagaren aurka Superkopa jokatuko du. Hilaren 21ean, berriz, Porriño bisitatuko du ligan eta 28an, Rocasa aurkari zuzena jasoko du Gascan (21.00etan).