Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Xan

Erretreta hartu ostean hasi zen Xan Errotabehere baxenabartarra ipuinak kontatzen. Poliki-poliki kontalaritzan sartzen hasi zen, kontakizunak ematen, baina baita gogoetak egiten ere. ‘‘Maiatz’’-ek azaroan argitaratutako aldizkarian gogoeta horien berri eskaintzen digu, ‘‘Kontalari, nor zaitugu?’’ izenburupean. Deigarria da nola handik edo hemendik abiatuta ere, gogoeta eta ondorio berdintsuetara heltzen garen kontalariok. Kontalariaren funtzioa; kontu zaharren balioa; haurrei eta helduei kontatzearen gainekoak; ‘kontalaria, istorioa, publikoa’ hirukotearen harremanak; euskal kontalaritza garaikidearen bideak… Xanek esaldi iradokitzaile batekin hasten du artikulua: «Ipuin kontalariak behin betiko joanak zirela pentsatzen genuen». Hortik aitzin, kontalaritzaren ezaugarrien gaineko gogoetak eskaintzen hasiko da, istorio bat nola. Hasieratik bururaino, ageri duen kezka nagusietako bat da egungo kontalaritzaren eta tradiziotik heldu zaizkigun ipuinen arteko harreman ezinbestekoa. Berdin, egun helduentzako kontaketa saioen ahuleriaz sendo eta zuzen mintzo denean, euskararen beraren ahuleriarekin lotuz: «Antolatzaile-programatzaileek ahozko kontaketari zor dioten errespetua eskasa da. (…) Euskal hitzari ukatzen diogu bere bateratze balioa, gutxiesten dugu daukan balio kulturala».

‘‘Gaurko ipuingintzaren izaera deitoragarria’’, ‘‘Ipuinen grazia’’, ‘‘Kontalaria ehule egoskorra’’…, atalez atal, euskal kontalaritzan hain beharrezkoak ditugun hausnarketak emango ditu, ipuinetako errotaria bihurtuz.