14 DIC. 2022 KOLABORAZIOA Bada garaia, euskara ofiziala eta kito! Haizea RAMIREZ DE ALDA eta Sugoi ETXARRI EHEko kideak Heldu den abenduaren 15ean 36 urte beteko ditu “Vascuenceren Legeak”. 36 urte Nafarroa Garaia hiru eremutan bereizi zutenetik. 36 urte gure hizkuntza eskubideak hiru eremutan banatu zituztenetik. Euskaraz bizitzea eremu zehatz bati lotutako aukera balitz bezala. Ordutik hona, euskaldunok ofizialtasun osoz baztertuak gara lurraldearen zatirik handienean. Vianan, Azkoienen edo Fustiñanan jaiotzeagatik, euskara existituko ez balitz bezala bizitzera kondenatuta gaude. Auritzen, Altsasun edo Beran ez dugu bermatuta administrazioan edo osasun etxean euskaraz aritu ahal izatea. Eta zer esanik ez Iruñean, Tafallan edo Zangozan. Eremu administratibo bakarrean hiritarrek legez eskubide gehiago edo gutxiago dauzkate unean dauden tokiaren arabera. Injustizia da lege. Hori non, eta Nafarroa Garaian. Berezko hizkuntza euskara duen Nafarroa Garaian, besteak beste, Irulegiko eskuak argi erakutsi digunez. Lingua Navarrorum. Euskararen eta euskaldunon aurkako hizkuntza politika planifikatua da. Izan ere, lege horren bidez euskararen normalizazioa ekidin nahi da eta bere mendekotasun egoera iraunarazi. 2015ean Nafarroako Gobernuaren aldaketa gertatu zenetik, azken bi legegintzaldiak hainbat eremutan bestelako politikak jorratzen hastekoak izan dira. Euskararen normalizazioari dagokionean, aldiz, hoberako aldaketa batzuk gertatu bai baina horiek oso mugatuak izan dira. Euskalduntzearen aldeko neurri txiki batzuk ezagutu ditugun arren, zenbait gaitan atzera pausoak ere ikusi ditugu, eta euskalduntzeak aurrera egin dezan oztopo nagusia den zonifikazioa gainditzeko borondaterik ez dute izan azken bi gobernuetan egon zein gobernu horiek sostengatu dituzten alderdiek. Horiek, kontzienteki erabaki dute zonifikazioaren gaia tiraderan uztea. Egoera honek ezin du honela jarraitu. Hori horrela izanda, 2023an hasiko denak hizkuntza eskubideen bermean egiturazko aldaketa sakonak gauzatzeko legegintzaldia izan behar du. Hirugarren legegintzaldi batez euskara eta euskaldunak ezin gara zokoratuak izan. Beste lau urtez euskaldunak bigarren mailako nafar izaten jarraitzea ezin dugu onartu. Alderdi euskaltzale eta aurrerakoi horiek zonifikazioaren injustiziari jarraipena emateko prest al daude? Euskaltzaleok behintzat ez. Aski da. Bada euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzeko ordua. Lurralde osoan hizkuntza eskubideen aitortza bermatuko duen lege berria behar dugu, euskara Nafarroa Garai osoan ofizial egingo duena. Justizia sozialaz ari gara. Euskaraz bizitzera eta dagokiguna aldarrikatzera dei egin nahi diegu euskaldun guztiei. Herritarron aktibazioak bakarrik lor dezake-eta gaur egungo lege baztertzailea deuseztatzea. Horrela bada, abenduaren 15ean, 19.00etan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkartuko gara. Bada garaia, euskara ofiziala eta kito! Basta. Ya es hora de que se respeten los derechos lingüísticos