Amaia U. LASAGABASTER
FUTBOLA

14 jokalarik debutatuko dute selekzioarekin Txileren aurka

Reala da Juanjo Arregiren zerrendan ordezkari gehien dituen taldea. Seigarren deia jaso du Leire Bañosek. Osasuna, Eibar eta Granada 1. RFEFeko taldeetako zazpi jokalari sartu dira deialdian.

Leire Bañosek seigarren aldiz jantziko du kamiseta berdea.
Leire Bañosek seigarren aldiz jantziko du kamiseta berdea. (EFF)

Euskal Selekzio guztiz eraberritua izango du Txilek aurrean datorren asteartean, Juanjo Arregi hautatzaile berriak egindako deialdia aurpegi berriz beteta baitago. Hamalau jokalarik, hain zuzen ere, estreinakoz jantziko dute selekzioaren kamiseta Mendizorrotzako lagunartekoan.

Horien artean bi izen nabarmentzen dira: Nerea Eizagirrerena eta Amaiur Sarriegirena. Edozein entrenatzaileren zerrendako lehen postuetan egongo lirateken arren, ezin izan dute orain arte beren selekzioarekin jokatu hainbat arrazoirengatik. Erasotzaile zuri-urdinekin batera, aurrenekoz arituko dira Maitane Zalba, Nerea Nevado, Iraia Iparragirre, Irati Urruzola, Jone Ibañez, Arene Altonaga, Maite Zubieta, Patricia Zugasti, Maitane Vilariño, Marta San Adrian, Cecilia Marcos eta Ane Miren Martinez de Lahidalga. Taldeari Leire Bañosek emango dio eskarmentua, Levateko erdilariak seigarrenez jaso baitu Federazioaren deia. Itziar Gastearenak, Ane Etxezarretak eta Amaia Peñak ere aurretik jantzi dute Euskal Selekzioaren kamiseta.

Damaris Egurrola, Irene Paredes, Nahikari Garcia eta Maite Oroz luxuzko laukoteak ezin izango du oraingoan jokatu, Txapeldunen Ligako multzoko fasearen azken jardunaldiaren partidak lehiatuko baitira hurrengo asteazkenean eta ostegunean. Nazioarteko selekzio mailako partida ofizialik ez dagoenez, txapelketa europarra izan da Arregiri deialdia eratzeko eragozpenak jarri dizkion bakarra. Baina belaunaldien erreleboaren arrazoia onartuta ere, hautatzaileak askatasun osoa izan duela sinistea ez da erraza; bai, aldiz, ofizialtasunik ez izateak sortzen dituen zailtasunak ikustea.

Bereziki deigarria da deialdian 1. RFEF mailako hiru taldeetako zazpi jokalari dauden bitartean, Athleticeko hiru ordezkari besterik ez aurkitzea, bakarrik euskaldunek osatutako Lehen Mailako taldea dela kontuan hartuta. Are harrigarriagoa, deitutako hiru futbolari zuri-gorrietatik, Amaia Peñak ez du partida bat berean parte hartu denboraldi honetan, eta Maite Zubietak bi minutu besterik ez ditu jokatu lehen talde zuri-gorriarekin, orain dela bi aste, bere debutaren egunean, hain zuzen ere.

Reala da, hartara, Arregiren zerrendan jokalari gehien dituen taldea: bost, guztira. Lehen mailako ordezkaritza Athleticeko hiru jokalarik, Levanteko Leire Bañosek eta selekzioarekin debutatuko duten Alaveseko Marta San Adrianek eta Ane Miren Martinez de Lahidalgak osatuko dute. Aurretik kamiseta berdea sei aldiz jantzi duen Atleticoko Ainhoa Moraza, ordea, ez da Mendizorrotzan izango. Osasunak lau jokalari izango ditu; bi Eibarkoak dira eta, 1.RFEF mailakoa ere, Granadatik Itziar Gastearena etorriko da.

Mendizorrotzak asteartean (19.00etan) hartuko duen partida, Euskal Selekzioak jokatuko duen hamaikagarrena izango da, 2006an bere ibilbideari ekin zionetik. Zubietan jokatu zuen azkenenengo aldiz orain dela urte eta erdi, Federazioak antolatutako nazioarteko txapelketan Venezuelarekin eta Argentinarekin batera. Aurreko hitzordu hori, pandemia zela eta, telebistatik jarraitu behar izan zuten zaleek, baina orain zuzenean animatu ahal izango dute taldea. Sarrerak salgai daude Federazioaren webgunean (www.euskadifutbol.eus) eta Baskonia Alaves Storen.

DEIALDIA

Hauek dira Juanjo Arregik deitutako 18 futbolariak: Nerea Eizagirre, Ane Etxezarreta, Iraia Iparragirre, Cecilia Macos, Amaiur Sarriegi (Real), Nerea Nevado, Amaia Peña, Maite Zubieta (Athletic), Ane Miren Martínez de Lahidalga, Marta San Adrian (Alaves), Leire Baños (Levante), Irati Urruzola, Maitane Vilariño, Maite Zalba, Patricia Zugasti (Osasuna), Arene Altonaga, Jone Ibañez (Eibar) eta Itziar Gastearena (Granada).