Idoia ERASO
BAIONA

Zuberoatik Baionara, agur eta ohore Peillen idazle eta euskaltzainari

Ohorez agurtu zuten atzo Txomin Peillen Ligi-Atherin eta Baionan. Abenduaren 9an zendu zen euskaltzain eta idazlea agurtu zuten Zuberoako herrian egin zen elizkizunean. Ordu gutxi batzuk geroago, Eusko Ikaskuntzak Ohorezko saria eman zion, lehendik aurreikusita zegoen bezala. Batean zein bestean izan ziren hitzartzeetan Peillenek euskararen eta euskal literaturaren alde egin zuen lana nabarmendu zuten.

Eusko Ikaskuntza Coyosek saria jaso du, Peillenen izenean.
Eusko Ikaskuntza Coyosek saria jaso du, Peillenen izenean. (GUILLAUME FAUVEAU)

Idazlea, euskaltzaina, biologoa, etnografoa… zen Peillen agurtzeko, Euskal Herri osoko jendea bildu zen. Han ziren, bestak beste, Jean-Louis Davant, Joseba Sarrionandia, Carlos Garaikoetxea, Xipri Arbelbide, Battittu Coyos...

Azken hau mintzatu zen elizkizunean, berarekin batera Annie Deleauk, Peillenen ilobak, idazlearen ’Les hirondelles’ olerkia irakurri zuen. Baionako kultura zinegotzi Yves Ugaldek igorritako gutuna ere ezagutzera eman zuten.

Sabin Oregi kazetari eta argitaldariak hitza hartu zuelarik, Jon Miranderekin egin zuen lana ekarri zuen gogora, eta kulturaren «erraldoi» gisa definituz. Hitzartzea bukatzeko, Peillenek 2005ean idatzi zuen “Lur andreari” olerkiaren amaiera irakurri zuen: «Betirako egoitzan / sartuko naizenean / andere Lur maitea / batuko garenean / Lurra agur!».

Parisen sortu bazen ere, Zuberoakoak zituen gurasoak, jatorria ez zuen ahantzi, eta euskara ikasi zuen gaztaroan. Hori kontuan izanik, Jean-Louis Davant euskaltzain eta idazleak horrela agurtu zuen, berria jakin zuelarik: «Goian dagoela Txomin, eta doluminak familiari, Euskaltzaindiari, Zuberoa Herriari».

Eusko Ikaskuntza saria

Ohorezko saria jaso behar zuen atzo Peillenek Eusko Ikaskuntzaren eta Baionako Herriko Etxearen eskutik, baina ezin izan zuen esku artean hartu, eta Coyos euskaltzainak jaso zuen haren ordez, eta ondoren familiari emango dio.

«Azken hatsa arte idatzi du eta lan egin du» adierazi zuen Coyosek; «sufritzen zuen, baina burua ona zuen, eta segitu zuen aitzina».

Peillenek saria aipatzen zuela ohartarazi zuen, eta jasotzea merezi zuela nabarmentzeko baieztatu du: «Bizi osoa eman zion euskarari eta euskal kulturari». Oroitu zuen zendu baino aste batzuk lehenago, bere ibilbide osoan idatzitako poemak agertzen zituen liburua aurkeztu zuela Baionako Euskal Museoan: “Ene bertsoen bilduma”.

Bi egun berantago bere 90. urtebetetzea ospatu zuen etxean, baina ordurako osasuna okertzen ari zitzaiola esan zuen Coyosek. «Euskaltzaindiaren osoko bilkuretara elkarrekin joaten ginen. Azaroan Donostian izan zen, eta ez zen etorri ez zelako ibiltzen ahal, baina bestela hilabetero joaten zen».

Erakunde zientifiko-kulturaleko presidente Eguzki Urteagak aurkezpenean hitza hartu zuen, eta Peillenen ibilbidea izan zuen gogoan. Nabaramendu zuen ere, hileta elizkizuna egin zen egunean berean saria ematean, «baliatu dugu omenaldi bat egiteko, aitortza egiteko bere lanari eta bere ibilbideari».

Coyosek bezala, azpimarratu zuen omenduak sariaren berri izan zuela hil atzin: «Aitortza jaso zuen bizirik zegoen bitartean. Poztasun hori sentitu zuen».

Bestalde, Eusko Ikaskuntzak ematen dituen beste bi sariak banatu zituzten ondoren, Txomin Povedari “Expériences de la pensée radicale et de l'agir pragmatique au Pays Basque Nord” soziologia tesiarengatik, eta bideo sorkuntza, Lanartea elkarteari “Loreak belaunetan” filmearengatik.