GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Bergarakoa istripu txiki batean utzi dute Peñak eta Mariezkurrenak Labriten

Zazpinako berdinketara arte Ezkurdiak eta Martijak eutsi ahal izan bazioten ere, bigarren zatian Berriozarko atzelaria goitik behera nagusitu zen.

Mariezkurrenak goitik behera dominatu zuen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Binakako hau bezalako txapelketa luze batean, edonork izan dezake egun txar bat; horixe da, gainera, normalena, eta aurreko astean Bergaran gertatutakoa istripu txiki batean utzi zuten Peña eta Mariezkurrenak, Ezkurdia eta Martijaren aurka ordura arteko bide zuzenera itzulita. Hirugarren jardunaldi horretan, behar eta nahi baino akats gehiago pilatuta, zalantzaren bat piztu bazuten Baikokoek, duda horiek errotik astindu zituzten garaipen sendo bat lortuta, sailkapeneko bigarren postua berreskuratuz. Ezkurdia-Martijak, aldiz, euren bidea topatu ezinik jarraitzen dute, erreskadan hirugarren porrota batuta.

Atzoko partidak bi zati oso desberdin izan zituen. Lehen txanpa borrokatua suertatu zen, gogorra ere bai, eta bi bikoteetako bakarrak ere ezin izan zuen markagailua bere aldera hautsi. Gorrien artean, Julen Martijak azken asteetan baino hasiera hobea izan zuen, eta Jon Mariezkurrenari eusteko gai izan zen. Joseba Ezkurdiak ere asko lagundu zion defentsa lanetan eta, pilota zeken batekin, lehiakor aritu ziren, kolpez askoz ere indartsuagoa den bikote baten aurka, hein handi batean arbizuarra saiatu zelako Aspekoei gehien komeni zitzaien erritmoa sartzen.

7-8koan, Ezkurdiak behera botatako pilota bati esker, aurreratu ziren bigarren aldiz urdinak markagailuan; horretarako 277 pilotakada gurutzatu behar izan zituzten. Handik aurrera partida errotik aldatu zuten Peñak eta, batez ere, Mariezkurrenak.

JAUN ETA JABE

Pilota biziago bat kantxan jarrita, atzelari nafarra goitik behera nagusitu zen kantxan, Julen Martija denbora guztian hankak zortzi eta erditik atzera jokatzera behartuta. Bergaran oso deseroso aritu bazen, etxera bueltan ikaragarriak eman zizkion pilotari eta, batez ere, apenas egin zuen akatsik, Joseba Ezkurdia partidatik erabat ateraz. Jon Ander Peñak ere egoki baliatu zituen bere atzelariak irekitako zuloak, baina oso egoki aritu zen defentsan eta Martija zigortzen ere.