GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal kultura eta identitatea sustatzeko, Barandiaran katedra

Euskal kulturaren eta euskal identitatearen gogoeta eta transmisiorako Jose Migel Barandiaran Katedra sortuko du Euskal Herriko Unibertsitateak, Gipuzkoako Aldundiarekin, Ataungo Udalarekin, Eusko Ikaskuntzarekin eta Barandiaran Fundazioarekin elkarlanean.

Katedraren sorreraren parte hartu duten erakundeetako ordezkariak, atzo, Ataunen. HU (E | E)

Euskal kulturaren eta euskal identitatearen gogoeta eta transmisiorako Jose Migel Barandiaran Katedra sortuko du Euskal Herriko Unibertsitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Ataungo Udalarekin, Eusko Ikaskuntzarekin eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioarekin elkarlanean.

Hala adostu zuten atzo erakunde horietako ordezkariek, Barandiaran zenaren bizitokian bertan, Ataungo Sara etxean, sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren bitartez. Nabarmendu zutenez, Katedraren helburu nagusiak izango dira, batetik, Jose Migel Barandiaran Aierberen (Ataun, 1889-1991) izena eta izana bultzatzea, haren obraren, ondarearen eta hark landutako ikerketa esparruen azterketa zientifikoa sustatuz eta egindako ekarpenak aitortuz; eta, bestetik, euskal kulturari eta euskal identitateari buruzko gogoeta eta transmisioa sustatzea, Barandiaranek ezarritako nortasun oinarriak ezagutaraziz, eta oinarri horiek gaur egungo gizartearekiko elkarrekintzaren bidez eguneratuz.

Katedraren jardunerako abiapuntu gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euroko ekarpena egin du 2022ko aurrekontuen bitartez, eta Ataungo Udalak 10.000 euroko ekarpena.

Balioa emateko urratsa

Martin Aramendi Ataungo alkatea pozik agertu zen katedraren sorrerarekin, «Barandiaranen lanari dagokion balioa emateko urratsa» dela uste baitu, eta eskerrak eman zizkien EHUri eta proiektu honetan bidelagun dituen gainerako erakundeei, katedra sortzeko eta lankidetzan aritzeko egin duten ahaleginagatik. «Iragana eta oraina lotzen zubi-lan handia egin zuen Barandiaranek, eta katedra zubi-lan horretan jarraitzeko lagungarria» izango dela adierazi zuen Aramendik.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak gogora ekarri zuen Barandiaran Eusko Ikaskuntzako lehendakaria izan zela 1978-1991 urteetan eta, aldi horretan, Jose Migel Barandiaranek berak sortu zuela Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa (1988an), hain zuzen ere, bere obraren, bizitzaren eta pentsamenduaren gaineko azterketek jarraipena izan zezaten.

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren izenean, haren lehendakaria den Ixone Fernandez de Labastidak hartu zuen hitza. Haren esanetan, gai unibertsalak nahiz euskal kulturaren berezko gaiak sakon eta lan metodologia zorrotza erabiliz ikertu zituen Barandiaranek. «Ikerketa emaitza hauen guztien transmisioan ere lan handia egin zuen», iritzi zuen, eta gaineratu zuen «eskuzabala» izan zela: «Horregatik abiarazi zuen Fundazioa, euskal kulturaren arloan lan egin nahi duten guztiek haren ekarpen material eta immaterial baliotsua eskura izan dezaten. Horregatik bultzatzen dugu Fundaziotik Katedra, Jose Migel Barandiaranen gogoa betetzera datorrelakoan», ziurtatu zuen.

EHUren izenean, Eva Ferreira errektoreak Barandiaranek euskal unibertsitatearen alde egindako lana goraipatu zuen: «Eusko Ikaskuntzaren sorreratik bertatik, 1918an, Aranzadi, Barandiaran eta Apraizek, behin eta berriz adierazitako irrika handienetako bat euskal unibertsitate publiko bat sortzea izan zen. Ilusio kolektibo hori ezin izan zen gauzatu 1980ra arte; beraz, Jose Migel Barandiaranek ikusi zituen UPV/EHUren jaiotza eta hamarkada bat baino gehiagoko garapena».

Jose Migel Barandiaran antropologoa, etnografoa eta apaizak arrasto sakona utzi zuen Euskal Herrian eta nazioartean, betiko galtzeko zorian ziren aztarnak, usadioak eta esamoldeak aztertzeko eta ahanzturatik salbatzeko egindako lan eskergagatik batez ere. Urte askoan zientziaren metodoak erabiliz egindako berebiziko ikerketa lanaren ondorioz, elkarte askotako kide izendatu zuten eta sari ugari jaso zituen: horien artean, honoris causa doktore izendatu zuten EHUk, Gasteizko Teologia Fakultateak, Deustuko Unibertsitateak eta Madrilgo Complutense Unibertsitateak. Gipuzkoako Urrezko Domina, Gernikako Arbolaren Gurutzea eta Nafarroako Urrezko Domina ere jaso zituen.