GARA
DONOSTIA

Dantzarien %46,4k urteko 10.000 euro baino gutxiago lortzen ditu dantzatik

Dantzari profesionalaren irudiaren atzean dagoen errealitatea agerian uzteko asmoz, ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen elkarteak eta Kulturaren Euskal Behatokiak ikerketa plazaratu dute: lanbidearen ezegonkortasuna eta prekaritatea nabarmendu dituzte, baita dantza beste ogibide batekin partekatzeko beharra ere. Ez da gutxiagorako: %44k ezegonkortasunean bizi dela dio eta %46,4k urteko 10.000 eurotik behera eskuratzen ditu dantzatik.

Aintzane Larrabeiti (Behatokia), Mikel Artistegui (ADDE) eta Mikel Etxeberria (Behatokia), atzoko aurkezpenean. ADDE
Aintzane Larrabeiti (Behatokia), Mikel Artistegui (ADDE) eta Mikel Etxeberria (Behatokia), atzoko aurkezpenean. ADDE

Dantzaren alorrean dabiltzan profesionalek bizi duten lan egoera hobeto ezagutzeko eta, bide batez, ezagutzera emateko asmoz ikerketa bat burutu du ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak, Kulturaren Euskal Behatokiaren laguntza lankidetza teknikoarekin, «erradiografia ahalik fidagarriena eta egiaztatuena egiteko helburuz».

Atzoko aurkezpenean zehaztu zutenez, informazio bilketa aurtengo maiatzaren 11 eta ekainaren 13 bitartean egin da, online galdetegi baten bidez, eta bertan parte hartu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dantzaren arloan lan egiten duten 82 profesionalek.

Emaitzetan nabarmentzen denez, EAEko dantzaren sektore profesionalak Bizkaian eta Gipuzkoan biltzen ditu profesional gehien, eta nazioarteko mugikortasuna euren errealitateren parte dela onartzen dute gehienek.

«Lanbide mailan askotariko egoerak daude eta, oro har, prekaritate maila garrantzitsua antzematen da», adierazi zuten ADDEkoek. Izan ere, datuek agerian utzi dute dantzarien %44 ezegonkortasunean bizi dela, arrazoi ezberdinak medio: bada dantzaren alorrean egiten duten lana bestelako lanbideren batekin uztartu beharra izaten duenik (galdekatuen %21,95), eta baita lana eta prestakuntza era konbinatuan garatzen duenik edota dantzaz bestelako sektoreetan parte hartzen duenik ere. «Soilik %13,4k adierazi du dantzaren munduan lan egonkortasunerako ibilbide arina izan duela, eta ikuspegi horretatik arrakastatsutzat jo daiteke», esan zuten ADDEkoek.

Autonomoak

Galdekatutako pertsonen %40,2k adierazi du norbere kontura lan egiten duela, eta beste %14,6 da lan autonomoa eta besteren kontura egiten duena uztartzen dituena. Egoera honek desorekak sortzen ditu jardunean.

Hala, lan jarduna dantzara bere osotasunean eskaintzeko ezintasunak eragin zuzena du dantzari profesionalen diru sarreretan. «Diru sarreren osagarritasuna errealitate oso nabarmena dela kontuan hartuta, diru sarreren maila txikiak nagusitzen dira», azaldu zuten. Zehazki, galdekatutako dantzarien ia erdiak (%46,4) ziurtatu du dantzarekin lotutako jardueretatik urteko 10.000 euro baino gutxiago eskuratzen dituela.

Ikerketa egin dutenek gaineratu zutenez, horri sektore artistikoetan horren ohikoa den lanaren aldizkakotasuna gehitu behar zaio, lan egindako hilabeteen batez bestekoa 8,4koa baita galdekatuen artean. Alegia, urtean zortzi hilabete eta erdi egin dituzte lan: urtearen bi heren.

Azkenik, inkesta erantzun duten pertsonen herenak ohartarazi du «desoreka handia» dagoela lan egindako hilabeteen eta kotizatutako hilabeteen artean.

Datuok eskuetan hartuta, ADDEko lagunek aditzera eman zuten sektorean bizi den errealitatearen erradiografia eskaintzen duela ikerketak eta, orain, datuek baliagarriak izan behar dutela errealitate horretan eragiteko formulak bilatzeko. «Informazio honek oinarria izan nahi du sektorea indartzen lagunduko duten estrategiak eta zerbitzuak garatzeko», eskatu zuten.