GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Garrantzitsuagoa da erabilera tresna baino


Iruñeko Udaltzaingoak «lan-tresna berri bat» du atzo ezkero, «indarraren erabilera progresiboan bitarteko hori beharrezkoa den egoeretarako» sortua. Taser T7 modeloko pistola bat da, inpaktua jasotzen duen pertsonarengan deskarga elektriko bat sortzen duena. Azken belaunaldiko gailu adimenduna omen da, ez hilgarria eta deskargaren intentsitatea aplikatzen zaion pertsonaren ezaugarri fisikoetara egokitzeko gai. Pistola hori daramaten poliziek haren erabilera arautzen duen protokolo espezifiko bati jarraitu behar diote. Edonola ere, gailuaren erabilera erabat segurua dela diote.

Itxuraz abantailak besterik ez duen tresna, ordea, zalantzan jarri dute nazioarteko hainbat erakundek, hilgarriak izan baitaitezke zenbait kasutan; adibidez, bihotzeko arazoak dituzten pertsonentzat. AI Amnesty Internationalek ohartarazi duenez, gaizki erabiltzeak tratu krudela, ankerra edo iraingarria ekar lezake, are tortura ere, erabilera justifikatuta egon ez den edo zigortzeko asmoa izan duen kasuetan. AIren ustez, suzko armei aplikatzen zaien irizpide beraren mende egon beharko lukete, poliziaren edo beste pertsona batzuen bizitza edo segurtasuna arriskuan jartzen duten egoeretan baino ez erabiltzeko moduan. Iruñeko Udaltzaingoak nabarmendu du pistola berria gailu adimenduna dela; hala ere, eramango dutenek behar dute adimena, eta horien arduradunek. Izan ere, nork erabakitzen du erabilera egokia? Gailuak?

Azken urteotan pil-pilean dago polizia ereduaren inguruko eztabaida, eta hainbat adituren azterlanak argitaratu dira. Horien arabera, neurri handian diskurtso sozial eta politikoak eta segurtasunaren industria gero eta indartsuagoak sustatzen dituzte segurtasun faltaren pertzepzioa eta beldurra. Baina segurtasuna ez da bortxa bitarteko nagusi edo bakarra duen hori; horrenbestez, poliziaren prestakuntza aldatu beharra dago, komunikazioan trebatuz, arazo sozialak aztertzen, gatazkak kudeatzeko teknikak emanez, poliziek armak ahalik eta gutxien erabili behar izan ditzaten. Poliziaren eginbeharra eskubideak bermatzea da eta, horiekin lotuta, segurtasuna; harena ere bai, jakina, eta testuinguru horretan beharrezkoak dira tresnarik eraginkorrenak, baina ez hertsatzaileak bakarrik.