GARA
PILOTA

Etxeberriak eta Rezustak markagailua iraulita batu dute bigarren puntua

Urdinek 19-22 markagailuarekin garaitu dituzte sasoiko zetozen Urrutikoetxea eta Albisu eta hala, bigarren puntua batu dute. Lehen zatian gorriak nagusi izan dira, baina atsedenaldiaren ostean, 2-7 partziala eginda irauli dute markagailua.

Rezusta, Arrasateko partidan, atzean Albisu adi dagoela.
Rezusta, Arrasateko partidan, atzean Albisu adi dagoela. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Lehen hiru partidak galdu ostean, Peio Etxeberriak eta Rezustak apur bat atondu dute Binakako Txapelketaren hasiera azken bi partidak irabazita. Atzokoan, Arrasaten, markagailua iraulita irabazi zuten eta sailkapenean arnas pixka bat hartzeko baliagarri zaien puntua batu zuten. Izan ere, arerio izan zituzten Urrutikoetxea eta Albisuk bezainbeste puntu dauzkate bosgarren jardunaldia jokatu berritan.

Elordi eta Zabaletaren aurka azken partida galtzetik bazetozen ere, Urrutikoetxea eta Albisu maila txukuna eskaintzen ari ziren. Batez ere, Zaratamoko aurrelaria: Jaka eta Arangurenen aurkako partidan sekulako maila erakutsi zuen, Albisu atzean sendo zebilen bitartean.

Atzo ere txukun hasi zuten partida, oro har dema parekatua izan zen arren. 9-7ko markagailuarekin nagusi ziren gorriak, baina lehen atsedenaldirako aldeak murriztuta, atzetik aurrera egin zuten urdinek (12-11).

Etxeberria eta Rezustaren une gozoa iritsi zen orduan, atsedenalditik bueltan 2-7ko partziala ezarri eta garaipenerako kolpe galanta eman baitzuten (14-18). Bidea, baina, ez zen hain erraza izan eta sufritzea egokitu zitzaien arren, azkenean ez zien garaipenak ihes egin (19-22).

IRUN, EIBAR ETA TOLOSA

Bosgarren jardunaldiak bihar izango du jarraipena, Irunen, Uranzu pilotalekuan, 21.00etan hasiko den pilota jaialdian. Bertan, puntu banarekin sailkapena ixten duten bi bikoteek neurtuko dituzte indarrak: Ezkurdia-Martija eta Jaka-Aranguren.

Hurrengo partida Eguberri egunez jokatuko da Eibarren, Astelenan. Peña-Mariezkurrena bikoteak hirugarren puntua lortzeko borrokatuko du Altuna III.ak eta Tolosak osatzen duten bikotearen aurka. Horiek bi puntu dauzkate.

Bosgarren jardunaldiaren bukaera Tolosan jokatuko da astelehenez, Beotibarren: orain arteko lau partidak irabazi dituzten Elordi eta Zabaleta Laso eta Imazen aurka.