24 DIC. 2022 KOLABORAZIOA Patronalen mantra, segregazioaren iturria Nagore ITURRIOZ eta Ainhoa ASTIGARRAGA Steilas sindikatua Titulartasun pribatuko ikastetxeen mantra ikaspostu bakoitzaren kostu erreala estaltzeko funts publikoetatik nahiko diru jasotzen ez dutela da. Baina, askotan errepikatuta ere, gezurrak ez dira egia bilakatzen. Indarrean dagoen 1987ko Hezkuntza Ituna arautzen duen dekretuak horretara behartzen badu ere, azken 40 urteotan ikastetxe pribatuek ez dute inongo urratsik eman doakotasunerantz. Alderantziz, hezkuntza eskubidea gero eta merkatu logika gordinago baten bitartez kudeatzen denez, lehia logika nagusitu da, horrek gainkostuak suposatzen badizkiete ere. Diru ekarpena suposatzen duten ikasleak erakartzeko arau-hausteak eta trikimailuak ugariak izan dira azken urteetan eta Eusko Jaurlaritzaren konplizitatea eta ez ikusiarena egitea ohikoa izan da, edozein ikastetxe pribaturen eskaerei balekoa emanez eta maila sozioekonomiko apaleko ikasleen segregazio basatia ahalbidetu duen ituntze sistema unibertsala sortuz. Gaur egun Hezkuntza sisteman sare pribatuak sortu duen lehiakortasun horrek irizpide pedagogikoak, kohesio soziala eta aukera berdintasuna zapaldu dituzte. Ikastetxe pribatuek ez dute Eusko Jaurlaritzaren aldetik oztoporik topatu, azpi-finantzaketaren izenean, joko arauak hausteko. Permisibitate horren aurrean, ez dute inongo beldurrik izan behar beste zulo ekonomiko sortzeko beraien gardentasunik gabeko kontu korronteetan. Horren ondorioz, legez kanpoko kuotak kobratzen dizkiete familiei, kalitatearen izenean lehiakortasunez jositako hezkuntza-merkatuaren tren horretara igotzea garesti ateratzen zaielako. Baina are garestiago ateratzen zaio gizarte osoari, kohesio sozialari egiten zaion kaltean, eragiten duen klasismo eta bereizkerian. Baina hasierako esaldia berreskuratuz... haien argudiategia oinarririk gabekoa dela begien bistakoa da. Duela egun gutxi hedabideen bitartez jakin genuen ikastola pribatuetako eta kristau eskolako zuzendariek urtero ikasleko 1.500 euroko gehikuntza kalkulatzen dutela kuotak kobratzeari utzi ahal izateko; hau da, 250 milioi euro inguru. 2017ko irailaren 17an Mikel Ormazabalek hau zioen egindako elkarrizketa batean «Kristau Eskola familiei kobratzen dizkien kuotei uko egiteko prest legoke, Eusko Jaurlaritzak finantzaketa %25 igotzen badigu». Itunpeko ikastetxe pribatuek jasotzen dituzten diru publikoko modulu ekonomikoak %17 igo dira 2017tik 2022ra. Beraz, hurbil egon gintezke patronalen logika erabilita, baina ez: mantra errepikatzen dute. Orain, Kristau Eskolak eta Ikastolen Elkarteak ikasleko jasotzen dituzten 4.174 euroez gain, beste 1.500 euro beharko lituzketela diote. Haien hitzetan, haien kontu korronteak diru publikoarekin %17rekin puztu ondoren 2017an baino okerrago daude; mantra etengo duen gain-finantzaketarik ez dagoela dirudi. Hezkuntza legea sukaldatzen ari diren alderdi politikoek galdera hauei erantzun beharko liekete zintzoki: Egongo al da inoiz doakotasuna ahalbidetuko duen finantzaketa nahikorik? Zergatik finantzatu behar du gizarteak hezkuntza sistema itundua? Zergatik ez da bultzatzen publifikazio prozesu irmo bat hezkuntza sistema publiko bat sendotzeko? Engaina ez gaitzaten, Hezkuntza patronalek etengabe errepikatzen diguten mantra horren atzean bi gauza besterik ez daude: merkantilismoa eta ezkutuko segregazioa!