GARA Euskal Herriko egunkaria

Bigarren Kafeak Aquariumen ospatuko du 500. saioa

500. saiora iritsi da «Bigarren Kafea» magazina eta, ospatzeko asko dagoelako, lagunen, kolaboratzaileen eta entzuleen artean irratsaio berezia egingo dute gaur Donostiako Aquariumen, 18.30ean. Saioa irrati bidez eta Twitch bidez ere zabalduko da.

«Bigarren Kafea» saiotik pasatu diren zenbait esatari eta kolaboratzaile. (NAIZ IRRATIA)

Ez da erraza atzera begiratu eta ‘‘Bigarren Kafea’’ magazineko 500 saio hauetan gertatu dena gogoratzea, baina nekez ahantziko zaio Iñigo Asensio aurkezleari nolakoak izan ziren hastapenak. «Batez ere prestakuntza lanak gogoratzen ditut; bideo deien bidez lan egin behar izan genuen, eta sormenerako ez da hori modurik onena». Pandemia bete-betean, bideo deien bidez norbere etxetik egin ziren lehendabiziko saioak. Eta nola aldatzen diren gauzak kamarada: 500. saioa Donostiako Aquariumen egingo dute gaur, bide luze honetan, modu batean edo bestean, familia bihurtu diren kolaboratzaile, elkarrizketatu eta entzuleekin.

Garaian, Iñigo Asensiok, Arrate Hernandezekin eta Iñigo Etxarrirekin konpartitzen zuen saioaren gidaritza. Irrati bidez zabaltzeaz gain, sare sozialetan ere zabaldu zen zuzenean (gaur egun ere hala da), Youtube, Facebook eta Twitchen. Itxialdi egunetan konpainia ederra bihurtu zen magazina. Beraien freskotasunak eta dinamismoak erakarri gintuen, are gehiago, pantailaz bestaldean ikusten genituelako. Itxialdia amaitu zenean “Bigarren Kafeko faktorian” elkartu ziren aurrez aurre, Tolosako Rondilla kaleko egoitzan; egun, handik egiten da saioa.

Goiuri Eceiza eta Iñigo Asensio dira ‘‘Bigarren Kafea’’ saioko ahots nagusiak orain, eta txandaka, aurkezle taldea osatzen dute Julen Goikoetxeak, Oihana Maritorenak, Irati Orejak eta Mai Gorostiagak. Aurretik, Iñaki Lasa, Maitena Salinas, Amaia Rosende eta Fariba Sheikan ere aritu dira. «500. saioan denak egotea nahi dugu», esan du Asensiok.

Astelehenetik ostiralera bi orduko 500 programa egitea bada marka. «Gaur zer kontatuko dugu?, esaten diogu gure buruari. Baina Euskal Herrian proiektu zoragarri asko egiten dabilen jende asko dago. Gaiak badaude», dio Eceizak. Psikologia, soziologia, antropologia, artea, ikus-entzunezkoa, antzerkia, gastronomia, bidaiak, teknologia berriak... askotarikoak dira ‘‘Bigarren Kafea’’ saioan lantzen diren gaiak.

Eta nola kudeatu hori guztia? «Atrebitu samarrak gara», aitortu du Asensiok. Ideia bat okurritu eta hariari tira egiten diote amaiera arte, alegia, irrati estudioan egikaritu arte. Horren adibide da ‘‘Firfiran’’ podcast erotikoa, eta baita Durangoko Azokan arrakastaz zabaldu den ‘‘LabankaDA!’’ podcasta, besteak beste. «Lotsagabe batzuk ez bagina izango, iaz ez geniokeen oihuka agurtuko Uxue Razkin Ereineko editoreari», esan du Asensiok; horrek ekarri zuen gerora Razkinen txio bati erantzun, amua bota, eta ‘‘LabankaDA!’’ irrati fikzioa sortzea. «Eta egin genion elkarrizketa batean Harkaitz Canok jostaria zela esan ez baligu, ez genuen ‘LabankaDa!’ egingo; eta guk hori aprobetxatu dugu», gogoratu du Eceizak.

Momentu berezirik ba ote duten galdetuta Eceizak eta Asensiok aitortu dute anitz direla, eta zaila dela bat nabarmentzea. Asko ikasi dute, asko hunkitu, eta askotan irriz lehertu. ‘‘Politikantuz’’ tarteak une gozoak utzi ditu, astero gaurkotasuna satira abesti bihurtzen zuen Iker Laurobak.

Elkarrizketa akustikoek ere egin dute bidea saioan. Asteazkenero, NAIZeko ‘‘Gure musikaren alde’’ filosofiarekin bat eginez, musikariek kantu akustikoak eskaini dituzte Tolosako faktorian. «Gogoan dut Ane Lukinekin gertatutakoa. Ukelelerik gabe irten zen etxetik, eta haren managerrak galdetu zigun ea ukelelerik bagenuen; guk baietz, noski, lasai etortzeko», esan du Eceizak; eta piano bat, zenbait gitarra, eskusoinua, harmonika... horregatik da faktoria ‘‘Bigarren Kafea’’ magazineko estudioa.

Gaur Tolosako faktoriatik aterako dira urteko azken saioa egitera. 2022ko urteari agur esango diote, eta 500. saiora iritsi direla ospatu. Saioa 18.30ean hasiko da eta gonbidatu mordoa igaroko da NAIZ Irratiko mikrofonoetatik. Zuzeneko musika egongo da eta, noski, sorpresa ugari. Saioa, irrati bidez eta Twitch bidez zabalduko da.