EDITORIALA

Itxaron zerrendek esaten eta ezkutatu ezin dutena

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak atzo emandako datuen arabera, azken hiru urteetan beren espezialistarekin hitzordua izateko itxaron zerrenda %20 handitu da, eta zerbitzuaren kalitatearen hondatzea are ikusgarriagoa da TACa, mamografia, kolonoskopia edo ekokardiograma bezalako proben beharrean daudenentzat, hazkundea %93koa izan baita. Erraz idazten da, errazegi. Baina datua, bere gordinean, beldurgarria da: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 115.000 herritar daude itxaron zerrenda horietan kateatuta, kasu askotan, ebakuntza edo proba diagnostikoa noiz egingo dioten, espezialistak noiz ikusiko dituen, espero horretan desesperaturik. Egoera zail horretan dauden askok, itxaron zerrendei iskin egin nahian, larrialdi zerbitzuetako bidezidorra erabiltzeko tentazioa izaten dute edo zuzenean hara doaz, osasun sistemaren inbutua are gehiago estutuz eta itotze sintomak handituz.

Itxaron zerrendena da osasun sistema publiko baten kalitatea neurtzeko herritarrek erabiltzen duten barometro nagusia, eta hori ondo dakite edozein osasun sistema publikoko nagusiek. Horregatik daude osasun sistema publiko guztietan itxaron zerrendetako datuen gordintasuna zuritzen adituak direnak, makillatzaile espezializatuak. Besterik da aitortzea osasun sistema publiko orotan, zerbitzua unibertsala den heinean, beti egongo direla itxaron zerrendak. Aldagaiak hor daude: populazioaren hazkundeak edo zahartzeak eskaria handitzen du eta mugatuak diren baliabideak gainezkatzen ditu. Bestalde, hedatua den ustearen kontra, itxaron zerrendak osasun sistema pribatuetan ez dira arrotzak, inolaz ere.

Baina nonahikoak izan daitezkeen arazoen aitorpenak ez du ezkutatzen herritarrek beren begiekin ikusten eta beren gorputzetan sufritzen duten inpotentzia, egoeraren arduradunek sorturiko haserrea eta kezka, gailentzen ari den kaosa. Eta, batez ere, ez du ezkutatzen osasun publikoak zenbat eta sumin sozial handiagoa sortu, orduan eta osasun aseguru pribatu gehiago, osasungintzaren tartaren zati handiagoa hartzeko atzaparra luzeagoa izango dela sinetsi eta uste horren arabera jarduten duten arduradunen lotsagabekeria.