GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren faboritoak


Disko multzo batetik “selekzionatzen” bada, aukeraketa egiten ari gara. Maiz egiten dira oihan eta basoetan bakanketak. Zuhaitz ahulenak moztu egiten dira gainerakoak handiago eta sendoagoak egin daitezen. Hori da xedea. Edozein hautaketatan (ekonomiko edo industrial, politiko, kultural edo kirol arlokoan), ia dena dago etekinaren arabera pentsatuta. Askotan axioma bat dago besteen gainetik: ustezko hoberena hobeago egitea edo hori gerta dadin indarra egitea selekzioarekin.

Urteko diskoekin ere antzera gertatzen. Baina orain “Urteko hoberenak” leloari eufemismoak atera zaizkio: Urteko selekzioa edo urteko faboritoak edo gogokoenak. Datu objektibo edo kuantifikatzaileak ez dira existitzen faborito-gogokoenak izendatzeko. Salmenta datuak edo klikatutako ikusienak zenbakietan ageri dira. Baina faborito hitzak ez du puntuazioaz ulertzeko asmorik.

Bertsolari txapelketa nagusian beti gertatuko dena da “hainbat epaile hainbat aburu”. Denok gara epaile, entrenatzaile edo ministro. Ez dago ex equorik. Puntuak zerbaiten arabera emango dira, baina epaile bakoitzaren emaitzek sarri ez dute besteekin kointziditzen. Gero dator kontsentsua.

Gustuko abestiak ditut. Gustuko taldeak, diskoak, letrak eta doinuak. Gustuak gustua ematen duenean, orduan nago gustura. Atera daitezela zuhaitz adaxka gazteak musika bete indar.