GARA Euskal Herriko egunkaria

Haustura


Ez dakit munduko txoko guztietan horrela den, baina iparralde globalean behintzat urte amaiera iristearekin batera aurreko hilabeteetan jazotakoaren balantzea egiteko joera nagusitu da. Zeintzuk izan diren gertakaririk esanguratsuenak (onerako zein txarrerako), ze pertsona nabarmendu diren, ze kultur ekoizpen zein ekintza goraipatuko genituzkeen. Hori egin ostean, hurrengo urteari ekiteko prest gaude zer espero dugun jadanik buruan, urte berriak zaharrarekin loturarik ez balu bezala.

Baina halako jarrera batek zentzua soilik dauka zinez uste badugu urteak hasi eta amaitu egiten direla, hau da, nolabaiteko haustura gertatzen dela abenduaren 31tik urtarrilaren 1era salto egitean, eta hausturak gugan eragina baduela (urte berriarekin ni berri bat sortzen da).

Pentsatu nahi nuke ez dugula benetan sinesten denbora hauts daitekeenik, baina posible balitz bezala jokatzen dugu hainbat arlotan. Genozidioa eta justizia aztergai dituen Berber Bevernage historialariaren lana datorkit burura, zeinak historiaren filosofian (denbora nola ulertzen dugun gertaera jakin batzuen arabera) sakondu duen. Iraganeko indarkeriazko gertakarien aurrean joera handia dago haiek denboran isolatu eta orainaldiarekin loturarik izango ez balute bezala jokatzeko. Bevernagen hitzetan: “The past is evil, evil is past (iragana gaiztoa da, gaizkia iragana da). Hala, indarkeriazko gertakari horiekiko erantzukizunetik libratzen gara.