Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

«Scottish winter, are you crazy?»

Eskoziako neguko eskaladaren berezitasunek atzera botatzen dituzte atzerritar asko. Bien bitartean, hasi den denboraldian Guy Robertson eta Greg Boswell-ek «Vortex» marra gogorra (X, 10) zabaldu dute.

Hurrengo istorioa 1987. urtean gertatu zen. Eskoziako Highlands du kokaleku. Bertako espezialista baten gonbidapena jaso zuen garai haietan Chamonix-eko izotz eskaladan zegoen eskalatzaile garrantzitsuenetariko batek. Tresneria guztia antolatu eta eskalatzaile eskoziarrak hautatutako bidera hurbildu ziren eguraldi oso traketsarekin. Marraren oinarrian zirela, frantziarrak ezin zuen sinetsi ikusten ari zena. Marra izoztu bat baina ia izotzik gabe. Antzigarra, arroka eta elurra 30 metroko proposamen horretan itsatsita. Besterik ez. Mistoa izotzari gailentzen zitzaion, eta gonbidatuak soilik izotzean zuen eskarmentua. Oso aberatsa, gainera. Hori gutxi ez, eta eguraldi makurra lagun zuten. Frantziarrak ez zuen ulertzen bizitzen ari zen distopia, eta bat-batean lagunari zera aurpegiratu zion: «Are you crazy?».

Erotuta ala ez, kontua da Eskoziako neguko jarduerak ñabarduraz eta berezitasunez beteta daudela. Horregatik guztiagatik, ziur aski eskalatzaile atzerritarrik ez da ikusten. Azken urteotan, baten bat azaldu da, baina aisiarekin baino lanarekin harreman handiagoa izaten dute.

Eskoziako marra izoztuetan egiten diren eskaladen berri ematen dutenean, normalean protagonistak bizitzen duen eskarmentua eta antzeko informazioa da ulertzen duguna. Aldiz, eskalatutako bideak duen zailtasunaz jabetzea zaila egiten zaigu oso.

Lehenik eta behin esan behar dugu Eskoziako graduazioa eta gurea (frantziarra) ezin ditugula maila berean jarri, eta egiten diren “itzulpenak” askotan ez direla batere fidagarriak. Adibide bat. VIII, 8 maila duen bide baten inguruan azaldu behar dugu zenbaki erromatarrak marraren zailtasuna adierazten duela baina haren arriskua edo konpromisoa kontuan hartuta. Zenbaki arabigoak, berriz, marraren sekzio gogorrena adierazten du. Hots, zailtasun teknikoa. Egun, maila gorena XII, 12 inguruan dabil.

Bi graduazioen azalpen gehiago emateko, Greg Boswell lerrootara ekarriko dugu. Espezialista handi hori gai izan da “Banana wall” (XII, 12) kateatzeko. Horrez gain, erabat sendotuta dagoen X, 10 mailako makina bat marra sinatu ditu. Etxetik irteten denean, berriz, aukera izan du dry-tooling-ean D13 zailtasuneko zirrikituak igotzeko, izotzean WI6+ eta mistoan M11+.

Zenbaki horiek hotzak izan daitezke, baina gutxi gorabehera hurbiltzen gaituzte bi estilo ezberdin horietan dauden ertzetara. Boswell bera protagonista izan dugu hasi berri den denboraldian. Guy Robertsonekin batera “Vortex” bidearen (X, 10) lehen igoera egin du. Hain zuzen ere, Highlandseko marra horrek duen X mailaz hitz egin digu: «Lehenik eta behin aurreratu behar dut eguraldi eta baldintza txarrekin jardun genuela. X zailtasuna eskalada gogorra eta arriskutsua da. Bidearen oinarrian zaudenean, ez duzu ikusten (interpretatzen) aurrean dituzun metro horiek argiak edo nahasiak diren. Igotzen ari zaren bitartean, kontzentrazioak erabatekoa izan behar du; izan ere, mugimendu tekniko horiek une oro deszifratu behar dituzu. Adibidez, nahasten bazara, aukera gutxi duzu metro horiek deseskalatzeko eta berriro bide egokian sartzeko. Hori gutxi ez, eta aseguratzeko tresneria ondo kokatzea ia ezinezkoa da. Batzuetan, ez dira ondo finkatzen; beste batzuetan, ez dugu jartzen. Horrek guztiak arriskua biderkatzen du».

“Vortex”

Eskoziako neguko denboraldiari dagokionez, Boswellek aurreratu du pixka bat berandu hasi dela. Bizpahiru astez klima hotza izan dute, ohikoa baino hotzagoa, eta horrek bideen baldintzetan asko lagundu du. Alabaina, traba bat izan dute: elur asko egin du. Horren ondorioz, xedeetara hurbiltzeko arazoak izan dituzte.

Baina eskalatzaile eskoziarrak eskarmentu handia du, eta han edo hemen une egokia bilatu du maila handiko jarduerak egin ahal izateko. Neguko eskalada horietan abangoardian dago, eta haren sokara lotzen dena ez da eskuarki atzean geratzen. “Vortex” bidearen lehen igoera egiteko, Robertson alboan izan du. Hots, sokada hori egungo sasoikoena da.

Nahiz eta eguraldiak ez zuen batere laguntzen, eskalatzaileok Eskoziako ipar-mendebaldean dagoen Cùl Mór izeneko mendira abiatu ziren. Hotza, haizea, elur asko… egun horretako menua izan zen. Eskalatu behar zuten murrua ondo baino hobeto ezagutzen zuten; izan ere, duela zazpi urte “The greatest show on Earth” bidearen (X, 10) lehen igoera sinatu zuten.

Egin dituzten bidaietan, pareta horrek dituen sabai batzuk ikusi zituzten, eta horiek eskalatzea otu zitzaien. Bidearen giltzari dagokionez, Boswellek honakoa aipatu du: «Sabaia gainditzea eta ondorengo sekzio delikatua eta eroria zuena gainditzea gogorrena izan zen. Teknikoki oso zaila da, baina era berean oso arriskutsua. Tresneria oso gutxi jartzeaz gain, horietako gailu batzuek ez zuten batere segurtasunik ematen. Eskalada amaitu genuenean, Guyk baieztatu zidan nire balizko eroriko bat gelditzea ia ezinezkoa izango zela. Hortaz, pozten naiz egoera hori bizi ez izana! Jardueraren bigarren giltza klima izan zen. Zaila izateaz gain, goialdetik elur erauntsiak geure buruen gainean erortzen ziren. Hori guztia elementu gehigarri bat da igoera zail eta seguru bat aurrera eraman nahi baduzu. Hitz batean esanda, klima horrek berebiziko garrantzia eta nortasuna eman zioten Guyk eta biok eginiko lanari. Coire horretan eskalatzen dugun bakoitzean, badirudi eskalada ez dela hain zorrotza izango. Baina beti okertzen gara. Bidean sartu aurretik, bitan pentsatu behar duzu. Zorionez, bide horren lehen igoeran eta Eskoziako ipar-mendebaldeko murru horretan beste eskarmentu ahaztezin bat izan genuen».

Nahiz eta “Vortex” bide gogor eta arriskutsua den, protagonista eskoziar honek adierazi du denboraldi honetan zailtasunean eta konpromisoan beste urrats handiagoak egin nahi dituela: «Azken urteotan ez dut muturreko zirrikiturik eskalatu, eta gogo handiz nago horietako bat probatzeko. Badakit zaila dela horietako bat aurrera ateratzea, batez ere, une egokia bilatu behar delako. Gainera, denboraldi honetarako oso interesgarriak diren makina bat marra eskalatu nahi ditut. Muturrekoetara joan aurretik, lan asko egin nahi dut, besteak beste, nire sasoia puntu-puntuan jartzeko. ‘Vortex’ ez ezik, Guyrekin ‘Nihilist’ (X, 9) eskalatu dut. Dibertigarria izan zen. Haatik, une deserosoak bizi izan genituen. Bidearen giltzan, metro jakin batzuetan ezin nuen atzera egin. Ez dakit nola baina aurrera egin nuen eta jarduera hori arrakastarekin amaitu genuen. Onartu behar du sekzio hori ikusgarria izan zela».