GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIA

Irango agintarien errepresioak mendizaleak ere harrapatu ditu

Unescok baieztatu du sei mendizale, alpinista, eskalatzaile eta snowboard irakasle espetxeratu dituztela protestetan parte hartzeagatik.


Beloa «gaizki» eramateagatik Masha Amini gazte kurdua atxilotu eta polizia-etxe batean hilik azaldu zenetik hiru hilabete baino gehiago igaro dira. Harrezkero, gertakari hori salatzeko Irango txoko guztietan protestak izan dira. Hildakoak, atxilotuak, espetxeratuak… hori guztia baino askoz ere gehiago utzi du teokrazian oinarrituta dagoen herrialde horretako Gobernuak.

Mendiari dagokionez, emakumeen eskubideen alde egiten ari diren mobilizazio horietan guztietan protagonista batzuk izan dira. Gogoan dugu oraindik Elnaz Rekabiren kasua. Eskaladako Asiako Txapelketan belorik gabe parte hartu zuen.

Orain, berriz, Unescok frantziar Estatuan duen batzordeak baieztatu du Irango agintariek sei mendizale preso dituztela: Hamid Ghashgaes (mendizalea), Dena Sheybani (snowboard irakaslea), Eshragh Najaf Abad (mendizalea), Ami Arslan Mahdavi (snowboard irakaslea), Hassan Mousavi (eskalada irakaslea) eta Mohammed Khiveh (alpinista).

ELKARTASUN KANPAINA

Erakunde horrek baieztatu du mendizale horiei lehergailuak prestatzea, mobilizazioetan parte hartzea eta pintaketak egitea leporatzen dietela: «Errepresioa oso gordina izaten ari da. Bi mendizalek onartu dute lehergailu bat egiten harrapatu zituztela. Baina senitartekoek dena ezeztatu dute. Eta gehitu ere, torturapean egin zituztela adierazpen horiek. Bitartean, Ghashghaes kartzelan sartu dute, horma batean klarion batez ‘askatasuna’ hitza idazteagatik. Argi duguna da, atxilotutako eta espetxeratutako milaka lagunek bezala, mendizale hauek ere zigor oso gordinak jasan ditzaketela: heriotza eta kartzelatze luzeak».

Mendizale horien egoera salatzeko, Change.org plataformaren bitartez elkartasun kanpaina bat hasi dute eragile batzuek: «Zapalduta dauden mendizale irandarrei ahotsa eman nahi diegu, eta nazioarteko mendizale guztiei sinadura baten bitartez haien elkartasuna helaraz dezaten eskatzen diegu».