Manex ALTUNA
KOPA

Osasunak eta Athleticek maila altuago batean daudela agerian utzi nahi dute

Raul Garcia eta Budimir, iazko derbian.
Raul Garcia eta Budimir, iazko derbian. (M. DEL VALLE | FOKU)

Osasuna eta Athletic ohartarazita daude eta ez dute ezustekorik jaso nahi Kopan. Partida bakarrera jokatzen diren kanporaketek beti izaten dute arrisku puntu hori, eta bi taldeen entrenatzaileek barneratuta daukate beren maila erakutsi beharko dutela aurrera egiteko. Argi daukate helburua larunbat eguerdian egingo den final zortzirenetako zozketan egotea dela.

Athleticek Eldenseren zelaian jokatuko du gaueko 21.00etan. Harmailak beteta egongo dira. Zuri-gorriei arazoak sortzeko asmoarekin aterako dira etxekoak. RFEFeko Lehen Mailan liderrak dira eta denboraldi hasieran Bilbao Athletic gainditu zuten Lezaman (0-1). Iaz mailaz igotzea lortu zuten, Sestao River azken kanporaketako luzapenean gainditu ostean.

Ez da talde zuri-gorria eta Eldenseren arteko lotura bakarra. Orain dela urte batzuk, 2015ean eta 2016an hain zuzen ere, Athleticeko jokalaria izandako Fran Yeste entrenatzaile lanetan izan baitzen han. Ernesto Valverdek badaki aurkaria bolada onean dagoela bere ligan, eta jokatzeko moduan dauden futbolari guztiak sartu ditu deialdian. Iñigo Martinez Bilbon geratu da, lesionaturik dagoelako. Txapelketak berriro hasi direnetik ez du partidarik jokatu eta bere etorkizuna zein izango den zehaztu gabe jarraitzen du.

Eldenseren multzo berean dago Nastic, eta Osasunaren norgehiagoka arratsaldeko 16.00etan hasiko da Tarragonan. Goiko postuetatik gertu dauden arren, nafarren bigarren taldea haren aurretik dago sailkapen nagusian; 3-0 gailendu zitzaion abendu hasieran Taxoaren jokatutako partidan.

«Teorian talde hobea garela erakutsi beharko dugu», adierazi du Jagoba Arrasatek. Promesas taldean «gauzak ondo egiten ari den» Diego Moreno eskuin hegalekoa sartu du deialdian; Nacho Vidal lesionaturik dagoenez, hasieratik jokatzeko aukera izan dezake. 2001ean Cintruenigon jaioa da Moreno, eta 2024ra arteko kontratua dauka gorritxoekin.