Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Txikikeriak

Uneak behar dituen solemnitate-osagaiak ditu. Errespetuzko isiltasunaren taupadak. Argi zurixkak nabarmentzen dituen agertoki erraldoia. Mikrofono batek, eta haren atzean, lerroan jarritako aulki sorta batek soilik hausten duten taula gaineko babesgabetasuna.

Pertsona bat dago mikrofonoaren aurrean, lan egiteko prest. Ataka estuan dago, burumakur, erabat bere baitako. Gogor estutu behar du burua, azkenean, magiak eta ofizioak bat egin dezaten; adierazi nahi duena esan nahi duen moduan kantatzeko. Pertsona mikrofonora hurbildu da. Eskuin eskuarekin astindu trakets bat eman dio hari eusten dion metalezko hankaren goiko atalari; zakar okertu du. Bere modura egokitu nahi du, baina ez dirudi gustura; orain ezker-eskuin ibiliko du, gero atzeraka eragingo dio besoa luzatuta. Bi eskuekin helduko dio, gero askatu, baina itzuli, eta ustekabean harrapatu nahian edo, orain, bakarrarekin, beste astindu bat emango dio, are bortitzagoa, mikrofonoaren euskarriari... Kantariak eskuak han ditu, baina burua beste nonbait; mugimendu traketsen katalogoak erakusten du. Baina zer erru du mikrofono gaixoak? Kontua kontzentratzea bada, ez al litatzeke errazagoa bola txinatarrak, estresaren aurkako pilota bat, arrosarioa... erabiltzea?

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean, bereak eta bi jasotako mikro-hanka heroikoei eskainia. Haiek gabe zer litzateke bertsolaritza?