Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Alba Berlinek, Euroligako azkenak, Saski Baskoniaren emaitza bolada eten du

Azken laurdenean beldurra sartu zitzaion Alemaniako taldeari, baina Saski Baskoniak ez zuen partida irabazteko azken orduko aukera aprobetxatu.

Maodo Lok sartu zuen Saski Baskoniaren bolada bikaina eten duen saskiratzea.
Maodo Lok sartu zuen Saski Baskoniaren bolada bikaina eten duen saskiratzea. (@ALBA BERLIN)

Irabazi edo galdu, Saski Baskoniak ezin du «oporrik hartu» Euroligako zeinahi aurkariren kontra. Alba Berlin Euroligako azken sailkatua da eta duela astebetera arte segidan hamabi porrot jasan zituen. Alabaina, Israel Gonzalez espainiarrak zuzentzen duen taldeak badaki saskibaloian ondo jokatzen, ondo asko, eta Saski Baskoniak, Mercedes-Benz Arenan, bolada ona eten zuen.

Azken laurdenean Pierria Henryk bultzatu zuen arren, eta nahiz eta Alba Berlinek berak egundoko bertigoa nozitu zuen, azaroaren amaieratik zirauen Saski Baskoniaren bolada bikaina eten zen, segidan hamabi partida irabazi eta gero. Azken zortzi segundoetan Markus Howardek eta Costellok garaipena lortzeko jaurtiketak izan zituzten, baina lehenengoari Ben Lammersek txapela jarri zion, eta Costellok ez zuen asmatu.

DEFENTSARIK GABE, JAI

Nolanahi, Saski Baskoniak aurreneko hiru laurdenetan galdu zuen partida. 54 puntu jaso zituen lehen erdian eta azken laurdenaren hasieran, markagailua 80-70 zela, partida iraultzea ezinezkoa zirudien.

Baina hara non, Alba Berlingo jokalariei izua barruraino sartu zitzaien eta erlojuarekin jokatzen hasi ziren, denbora pasa zedin. Horrez gain, Peñarroyak Sedekerskis kantxaratu zuen eta horrek, halako batean, gasteiztarren defentsa hobetu zuen.

Erasoan, bestalde, Pierria Henryk eta Darius Thompsonek 2-14ko partziala erdietsi zuten, markagailua 82-84 jarriz gutxien uste zenean.

Orduan hasi zen gasteiztarren erasoko kalbarioa. Jaleen Smith eta Baskoniaren aurka beti ondo jokatzen duen Maodo Lok 85-84koa lortu zuten, azken horrek Sedekerskisi bikain iskin egin eta gero.

Artean bi minutu falta ziren partida amaitzeko, baina markagailuak ez zuen zirkinik ere egin handik aurrera. Falten bonusean egonagatik Alemaniako taldea, Baskoniak hirukoa izan zuen begiz jota eta baloiak saskian sartzeko gogorik ez; Thompson, Giedraitis eta Howardi barrutik atera zitzaizkien, hurrenez hurren, eta Alba Berlinek puntu gehiago lortu ez zuen arren, Saski Baskoniak ez zuen azken eraso horietan asmatu.