GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Urrutikoetxeak eta Albisuk uste baino gehiago sufritu behar izan dute irabazteko

Aurreneko itzulia hirugarren puntua lortuta itxi dute Baiko enpresakoek, Ezkurdia eta Bikuñari azken orduan 6-0ko partziala sartu eta gero.

Albisuren sendotasunak eman zion garaipena azkenean bikote gorriari. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Aurreneko itzulia hirugarren puntua eskuratuta amaitu zuten atzo Urrutikoetxeak eta Albisuk, baina hala ere, uste baino askoz gehiago sufritu zuten Ezkurdia eta Bikuñari irabazteko.

Partzialez jositako partida izan zuten Ezkurdia eta Bikuñaren aurka eta azken orduan lortutako 6-0ko partzialari esker irabazi zuen Baiko enpresako bikoteak. Bikuñak galtzak bete lan izan zituen Albisuri eusteko, baina maila txukuna eman zuen oro har, eta Ezkurdiak, bestalde, azken tantoetan txapa nahi baino gehiagotan jo zuen, defentsan Urrutikoetxeak eta, batik bat, Albisuk sekulako sendotasuna erakutsi zutelako.

Aurreneko bi tantoetan Mikel Urrutikoetxeak pilota nahieran erabili zuen eta gorriek partida airean eramango zutela zirudien, baina baita zera ere! Urrutikoetxeari berari hanka egin zioten bi erremate bikain zirela, Ezkurdiak bigarren botean eramanda ere epaileek ontzat jo zuten pilota bat zela, Ezkurdiaren erremate bikain pare bat zela... urdinek 0-8ko partziala erdietsi zuten.

ALDAKETAZ BETETA

Aurreneko atsedenaldi luzea erreferentzia puntu egokia izan ohi da. Gorriek lortu zuten 12. tantora aurretik iristea: 12-9.

Ezkurdiak arriskuak hartu behar zituen, gorriek beren jokoa bideratzen zutenean Bikuña mendean zerabiltelako. Hala, gorriek tantoa amaitu ezean, Ezkurdiaren kontraerasoa sarri etortzen zen, eta horrek markagailuan aldaketa asko eragin zituen.

Bazirudien, nolanahi, atseden horren ostean Bikuña beherantz zihoala, 15-11 aurreratu baitziren gorriak. Alabaina, Urrutikoetxearen hanka-sartze batzuei esker, tartean sake laburregi bat ere bai, eta Ezkurdiaren ekimenari esker bestetik, 16-18 aurreratu ziren Aspe enpresako biak.

Ez zuten amore eman partida irabazteko faboritoek, ordea, eta berriz ere markagailua beraien alde irauli zuten. Urrutikoetxeak partida hasierako alaitasuna eta ausardia galdu zituen, baina Albisuk berak markatu zuen diferentzia, Ezkurdiaren azken orduko hutsegiteekin batera.

Bestalde, Arkaitz Eskuzak garaipenaz egin zuen debuta profesionaletan. Patxada transmitituz eta tarteka pilotakada oso onak jota, 22-12 gailendu zen Laudiko atzelaria Elezkano II.arekin Dario eta Arbizuren aurka.