Manex ALTUNA
RUGBY

Avironen porrota Bordelen, eta Biarritzen garaipena

Avironek partida amaieran egindako ahaleginak ez zuen saririk jaso, eta punturik batu gabe itzuliko da taldea Baionara (23-15). Azken ordu laurdenean bi entsegu lortu zituzten, eta, Camille Lopezek lehen zatian lortutako drop bati esker, bonusa lortzetik gertu izan zien.

Hala ere, lapurtarrek ez zuten maila ona eman, eta 23 eta 3 galtzen egon ziren bigarren zatiaren erdialdean. Porrotaren ondorioz, Bordeleko taldeak Top14ko sailkapenean gaindituko ditu baionarrak. Urtarrilaren amaiera arte ez da liga partidarik izango. Avironek Europako txapelketako bi partida jokatuko ditu hurrengo bi asteburuetan, eta oraindik ez dute punturik lortu Challenge Cup lehiaketan. Benetton Treviso talde italiarrari bisita egingo diote datorren jardunaldian, eta hurrengoan Scarlets talde galestarra hartuko dute.

Biarritzek, aldiz, tinko eusten du sailkapenaren goiko postuetan Pro D2 txapelketan. Ostiral iluntzean kosta egin zitzaion Montaubani Agileran irabaztea (20-17), baina garaipenarekin bolada bikainean abiatu dute urte berria. Kerman Aurrekoetxea getxoztarrak hasieratik jokatu zuen. Hurrengo jardunaldian Colomiers taldearen zelaian arituko dira.

OHOREZKO MAILA

Gizonezkoen zein emakumezkoen Hego Euskal Herriko taldeek ez dute partidarik jokatu. Ordiziak Complutense Cisnerosen aurka neurtuko ditu indarrak Altamiran hurrengo astean, eta Gernikak Pozuelori egingo dio bisita. Bestalde, Eibar taldeko emakumeek Sevillan jokatuko dute Corteva Cocosen aurka.