Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren adimenak

Egun berean Benito Lertxundiren bi artikulu-elkarrizketa argitaratu ziren bi egunkaritan. Lehena, euskaraz, bestea gaztelaniaz. Euskarazkoan Lertxundiri zuku eta mami gehiago atera zitzaion. Gaztelaniazkoan, Lertxundik aipatutako “adimen” hariak ez zion interes handirik eragin kazetariari. Euskarazkoan, ordea, luze eta sakon hitz egin zuen kantariak. Filosofiara hurbildu zituen adimen eta denbora kontzeptuak. Adimena mentalitatearen kontra paratu zuen. Mentalitateak pertsona gatibu baino ez duela egiten, eta horri aurre egiteko dugun tresna azkar eta trebeena adimen askatzailearen funtsa da. Adimena erabiltzea da modurik eraginkorrena hortzak erakusteko pentsamolde alienatzaile eta zapaltzaileari. Alienazioak dakartza iritzi pozoitsuak bizimodu askatzailea ez eraikitzeko.

Denbora orainaldian baino ez dugu bizi. Izan ginena eta izango garenak hutsaren hurrengoak omen dira. Nostalgiko hutsak al gara? Berdin disfrutatzen al ditugu abesti berriak edo beti al gaude itxaroten ospetsuenak? Artista batzuk abesti ospetsu horiek dosi txikietan emateko ohitura dute. Lertxundi da horietako bat. Emankizunaren bukaeran, entzuleen elkarrizketa gehientsuenak bide berbera daramate: ez ditu jo hau eta beste hori, eta ezta beste hura ere. Baina artista horien kontzertu berri bat programatutakoan beti erosiko dute sarrera, gero bukaeran antzeko iritziak parekatzeko lagunen artean. Eguna bizitzea da geratzen zaiguna.