GARA Euskal Herriko egunkaria

DNA (II)


Ikaslearen erantzunak Fanonek Parisera heldu berritan bizi izandakoak ekarri zizkidan gogora. Egun batean, kalean zebilela, ama-ume batzuekin topo egin zuen Martinikakoak. Martinikakoa ikustean garrasi batean hasi zen haurra, amari laguntza eskatuz beldur baitzen gizon beltzak jan egingo zuela. Lehen aldia zen Fanonek bere burua gizon beltz moduan ikusten zuena, Martinikan frantses hezkuntza jasotako burgesia txikiaren parte baitzen; alegia, inondik inora ere ez zuten beltz kontsideratuko. Parisen bere klase sozialak zein hezkuntzak deus gutxi balio zuten, ordea. Bere azalaren koloreari emandako adierari lotuta zegoen bere nortasuna. Horixe baita, azken batean, arraza(keria).

Saioa, Gates Jr. bera bere azalaren kolorearen adieraz hain modu xalo eta argian mintzatuta ikasleak eskainitako aukeraz baliatu zitezkeen arrazan eta arrazakerian sakontzeko, batzuei eskainitako pribilegioak eta besteei egindako kalte fisiko eta psikologikoa aintzat hartzeko. Aitzitik, denboraldiak aurrera egin ahala bestelako egitura hartu zuen saioak. Pertsona ezagunak (politikariak, aktoreak, idazleak, musikariak…) gonbidatzen hasi ziren, Gates Jr. laguntzarekin beren genealogia aztertu eta bitxikeriaren bat edo beste aurkituko zuten promesarekin. Lehen atalaren espiritu kritikoa desagertu zen erabat eta haren tokian amerikar ametsaren erlatibismoa saltzen hasi zen saioa. Zalantzarik ez dut diruak rol handia jokatu duela saioaren bilakaeran, hala gertatzen baita maiz kate publikoekin. Eta, hala ere, zer pena.