17 ENE. 2023 KOLABORAZIOA Sarriegi triste dago Jose Ignazio ANSORENA Sarriegi triste dago. Gezurra ematen du, musikaria umore beteko pertsona baitzen. Sentitzen dut. Ez diot inori gure patroiaren eguna hondatu nahi, baina hauxe da errealitate krudela. Sarri joaten natzaio bisitan eta inguruan egin berri dituzten obren eragina izango ote zen pentsatu nuen. Bilobekin gerturatu nintzen eta kantatu genion ikastolan egiten duten antzera: Raimundo triste dago, bihotz minarekin, amatxo etorri zaio txokolatearekin. Txokolatea eskaini genion, aldartea bizkortu asmoz, baina zaputz. Proposatu diot, Harry Potter printzearen antzera, biktima itxurak egiteko liburua idaztea. Diru politak ematen omen ditu. Baina ez du nahi. Lan artistikoak beti doan egin izan zituen; bestela bazuen bere ogibidea. Doan-ostiarren kofradiakoa zen, Bizente Etxagarai, Serafin Baroja, Biktoriano Iraola eta beste askorekin batera. Neu ere izena emanda nago. Zergatik galdetuta, ez dela kontu bakarrarengatik esan dit. Batetik, etxegabea da eta lurrean lotuta dago. Erakundeen laguntzetatik bizi da. Hauek ibiltzen dute haizeak nondik jotzen duen. Azken obra horiekin bazuen itxaropena: urteetan zabor edukiontziei begira jarririk egon denez, buelta eman eta baserritarrei begira kokatuko ote zuten, bera baserrian jaiotakoa da eta. Buelta eman bai, baina baserritarrak beste aldera jarriko dituzte. Estalpea jarriko ote zioten. Jakina da inor hil ondoren, hezurretan geratzen dela eta hezurrek hezetasunarekin arrunt sufritzen dutela. Ez ba. Ahaleginak eta bi egin dira atzean dagoen taberna bateko terraza tapaki itsusia mantentzeko. Raimundori, aldiz, ezta aterki txiki bat ere. Beldurra ere sentitzen hasi da. Gauez labanak dantzan aritzeko ohitura zabaltzen ari den honetan, hain maite duen mostatxoa inork moztuko ote dion. Garbi dago, esker txarrekook donostiarrok. Hain era finean egin zuen guretzat lan eta horrelako ordaina. Sarriegiren lanaren txukuntasunaz ohartzeko adibide txiki bat. 1882. urtean Diana sortu zuen, donostiarrok San Sebastian egunean airoso esna gintezen. Atalka aztertuta: lehen esaldia San Telmon zeuden soldaduen goizeko korneta soinuen imitazio garbia. Garaiko donostiarrek oso ezagunak zituzten. Bigarren esaldirako, berriro ziritxoa. Donostia inguratu eta bertan sartu ziren Europa erdiguneko soldadu mertzenarioek, tabernetan mozkor-mozkor egindakoan, abesten zuten kanta baten aipamena: Es geht ein rundgesang (Errondan dago kanta, edo antzeko zerbait). Nabarmentzeko eta grazia musikala emateko, tonu aldaketa bikaina ezarri zion. Berriz tarte txiki batean militarren deiei ekin eta jarraian Sarriegik bere obretan maiz erabili zuen trikimailu bromosoa: herri doinu baten pusketa tartekatzea. “Ai, hau fraile pikarua!” abestiaren bigarren esaldia. 1836. urte inguruko lehen danborradetan erabiltzen zen kanta maite hura. Berriro herritar garaikideek ezin hobeto entenditu zuten keinua. Bukatzeko, bere-berea den doinu patxadatsua. Hain atera zitzaion pieza borobila, non gasteiztarrek lapurtu nahi izan zioten. “Gasteiz jaietan” edo “Tamborrada vitoriana” izenez San Prudentzioren jaietan horixe bera jotzen dute, Sarriegiren tonu aldaketa eta beste pare bat txikikeria okerrerako aldatuta gainera. Ongi dago jotzea, noski, Wisconsinen bada ere, baina egiletza eta izenburua zuzen aitorturik. Hobe dute hori konpondu, bestela beste Batalla de Vitoria izateko arriskua dago. Hitz gutxitan, zintzo eta era arduratsuan jokatu zuela, garaiko donostiarrek ulertu zutela eta errespetuz jotzen zituztela doinu haiek. Dagoeneko, ordea, hori dena ahaztuta, ordain eskasa ematen diogula. Alkohol gehiegi edaten dugula, eta ondorioz, mozkorren jarrerak ditugula: benetako garrantzia duten kontuei gutxi erreparatu arren, solemnitate gehiegi jartzen da hutsalak diren beste batzuetan, parodia eta festa zentzua maizegi alboratuz. Bururatu zait Udalari Sarriegiren kokapen aldaketa iradokitzea. Orain Konstituzioaren (1812koa, 1978koa edo hurrengoa) plaza deitzen den horretan. Toki egokia maisua kokatzeko, bere doinuak gehien entzun dituzten harrien artean. Proposamena entzutean, irribarre murritza atera zaio On Raimundori. Ongi, esan du, horrela ez legoke plaza berririk egin beharrik, Plaza Berria huraxe delako eta, bide batez, benetan dagokion izena itzuliko litzaioke. Orduan neu tristatu naiz: gasturik egin gabe aldaketa? Inork mozkinik ateratzeko aukerarik ez? Inpiuxiblea. En pocas palabras, sincero yera arduratsuan jokatuzuela, garaikodonostiarrek ulertuzutela eta errespetuzque golpeabanYa, sin embargo,hori dena ahaztuta,ordain eskasa ematendiogula