Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Txikikeriak (II)

Hortxe daude, agertokiaren txoko ezkutuetan, suge elektrikoak, beti itzaletan. Etzanda daude, edo inondik zintzilik, lerro zuzenak marrazten, bihurgune ezinezkoak egiten, hemendik harako, goitik beherako, ezkutalekutik ezkutalekurako joan-etorrian burua bihurritzen. Gehienetan, itzal labainkorrak baino ez dira, izkinen parasito ezinbestekoak; ezkutuan espazioa marrazten, antolatzen. Ahal dutenean anabasa bikainean biltzen dira, elkarren gainean, barnean, nahaspilatuta, itolarriraino txirikordatuta. Goma eta kobre orgia diskretu bat. Agerian ere egon ohi dira, ordea, eta harro erakusten dituzte beren gorputz malguen dohainak; gihar beltz labainkorrak, dotorezia irristakorra, eta buru zilarreztatuek argi errainuren batekin topo egitean sortzen dituzten dir-dir, tarteka, mingarriak.

Lanabesei darien edertasun basa dute, eta badakite. Horregatik, gutxien espero duzunean, matxinatu egingo dira. Errebelatu egingo dira, ustezko apaltasun horren atzean ezkutatzen diren bihotz suharrak. Eta ez dute oharpenik egingo. Ezinezkoa izango da badaezpadakora jotzea. Maite dute kaosa eragitea. Zergatik egiten du hozka sugeak?... sugea delako! Ordubetez aritu zara agertokia hornitzen, janzten, emanaldia burutu ahal izateko tresneria muntatzen. Tentuz lotu dituzu, argiteria, soinua, musika-tresnak eta haientzako ezinbesteko guztiak. Eta azkenean, iritsi da proba egiteko unea... baina AHOTSAK EZ DIRA ENTZUTEN! Ja, izorratu zaizu atzo ongi egiten zuen kableren bat; orain, asmatu zein den.