GARA Euskal Herriko egunkaria

Lutxo Egia eta Iñigo Coboren antzerki obrak nagusitu dira Cafe Bar Bilbao sariketan

Lutxo Egiaren «Hamalau» eta Iñigo Coboren «Canciones tristes para gente alegre» gidoiek jaso dute XX. Cafe Bar Bilbao Antzerki Laburreko Saria.

Iñigo Cobo, Mikel Martinez eta Lutxo Egia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Lutxo Egiaren ‘‘Hamalau’’ antzerki obra, euskarazko kategorian, eta Iñigo Coboren ‘‘Canciones tristes para gente alegre’’, espainierazkoan, nagusitu dira XX. Cafe Bar Bilbao Antzerki Laburreko Sarian.

Sariaren izena daraman tabernak eta Tartean Teatroak antolatzen dute sariketa. Atzo azaldu zutenez, aurten hemezortzi gidoi jaso dituzte, zortzi euskaraz eta hamar espainieraz. «Aukeratzea zaila izan da, aurkeztutako gidoien kalitate handiagatik», nabarmendu zuten.

Lutxo Egiaren ‘‘Hamalau’’ izan da saritua euskarazko lanen artean. Egia ezaguna da kulturgintzaren arloan, zenbait eleberri eta saiakera idazteaz gainera, poesiaren eta performancearen munduan ere ibilia baita. Egun, BIRA Kulturguneko kudeaketa lanetan dihardu. Sari emaileek azaldu zutenez, ‘‘Hamalau’’ obraren izenburuak etxebizitza bateko hamalaugarren solairuan jazotako gertaera bati egiten dio erreferentzia: notario bat, terraza batean, bere bezero baten suizidioa egiaztatzen ari da.

Aurkezpenean azaldu zutenez, «absurdoaren barnean koka genezakeen komedia da euskarazko gidoi irabazlea. Ez da suizidioari buruzko lan bat, testuinguruan hura egon arren. Giza kondizio korapilatsuari begiratzeko nahi bat dago egilearen hitzetan, alde biri bereziki: alde suntsitzailea eta alde autosuntsitzailea».

Nabarmendu zuten, halaber, hau ez dela Egiak Cafe Bar Bilbao saria eskuratzen duen lehen aldia, 2016an ere jaso baitzuen; eta Cobok ere bigarren aldiz eraman du,, 2017an irabazi ostean.

Zinematik antzerkira

Cobok bere ibilbidea zinemari lotuta egin badu ere -Saturzine jaialdiko sortzailea eta egungo zuzendaria da-, azken urteetan antzerkigintzan murgilduta dabil. Besteak beste Ramon Bareak zuzendutako ‘‘Ubu finantza erregea’’ (2020) antzezlanean zuzendari laguntzaile gisa aritu zen. Pabellon 6 konainiaren ‘‘Todo saldrá bien’’ (2020) eta ‘‘Rey desnudo y chico muerto’ obren zuzendaria izan zen. Azkenaren kasuan, gidoia ere berea da.

“Canciones tristes para gente alegre” lan irabazlean, urteak atzera harreman afektiboa izan zuten bi lagunen topaketa kontatzen du. «Antzezlan arina, dramatik alde egiten saiatzen dena, umoretsua batzuetan, eta samurra betiere. Pertsonaiak haien arrakastak eta porrotak onartzen saiatuko dira», adierazi zuten.