A. G.
IDK EUSKOTREN

Kaela Davis hegalekoak orpazurda hautsi du

Kaela Davis, Benbibreren aurka.
Kaela Davis, Benbibreren aurka. (@IBAETA BASKET)

IDK Euskotren batere zorterik gabe dabil azken aldian. Yurena Diaz antolatzaile kanariarrak eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuela jakinarazi bazuen astelehenean, atzo Kaela Davis hegaleko estatubatuarraren txanda izan zen.

Klubak berak sare sozialen bitartez baieztatu zuenez, orpazurda apurtu omen du Davisek eta ebakuntza gelatik igaro beharko du. Astelehen arratsaldeko entrenaldian min hartu omen zuen jokalariak eta, Ibaeta Basketek gaineratu zuenari jaramon eginez, AEBetara bidaiatuko du jokalariak, han egingo baitiote ebakuntza. Ondorioz, amaitu da 2022/23 denboraldia hegaleko iparramerikarrarentzat.

«Sekula ez zait halakorik gertatu», onartu zuen Azu Muguruzak asteazkenean eskaini zuen prentsaurrekoan. «Ezinezkoa da zorte txarragoa izatea. Kaela Davisek berak bakarrik min hartu zuen asteleheneko entrenamenduan. Saskira barneraldi bat egiten ari zela, keinu txar bat egin zuen eta eskua berehala zangora eraman zuen», azaldu zuen Muguruzak.

Artean sendagileen diagnosia falta zen, baina Davisek orpazurdako lesioa izango ote zuen susmoa zuen Azu Muguruzak. Atzo, beraz, albiste txarra baieztatu besterik ez zen egin.

BI NEURKETA

Bi neurketa baino ezin izan ditu jokatu Kaela Davisek Azu Muguruzaren aginduetara, Claudia Cuic errumaniarrarekin batera, hilaren aurreneko astean iritsi baitzen Donostiara jokalari estatubatuarra.

Donostiara iritsi aurretik, Puerto Ricoko Atenienses de Manati taldearekin 18,2 puntu eta 5,5 errebote lortu zituen batez beste. IDK Euskotrenen kamisetarekin, berriz, 7 puntu eta 3 errebote metatu ditu Hozono Global Jairis eta Benbibreren aurkako bi neurketetan.

Bestalde, IDK Euskotrenek berak utzita, Vanesa Jasa letoniarrak bere jaiotze herrialdeko TTT Riga taldean jokatuko du denboraldia amaitu bitartean. Bi denboraldirako fitxatu zuen Ibaeta Basketek Vanesa Jasa, joan zen udan.