GARA Euskal Herriko egunkaria
NEGUKO JARDUERAK

Norvegian zein Eskozian muturreko eskaladek protagonismoa izan dute

Juho Knuuttilak “Polar vortex” bidea (Rankeipen) zabaldu du bakarka. 1.200 metroko proposamen berriak zailtasun tekniko gogorrak ditu: M6 eta WI6. Bien bitartean, Greg Boswellek britainiar eskalako marra zailena igo berri du: “Bring da Ruckus” (XII, 13)


Negu gordinarekin batera, eskalada alpinoetan jarduten dutenek ondo baino hobeto aprobetxatu dute aurrean izan dituzten aukerak. Europan bertan, adibidez, izotza eta mistoa elkar nahastuz goi mailako pare bat jarduera egin berri dira. Hain zuzen ere, Norvegian eta Eskozian.

Nahiz eta norvegiarra ez den, Juho Knuuttila finlandiarra herrialde horretako zirrikitu izoztuetan espezialista handia bihurtu da. Horma luze, laiotz eta gogorretan makina bat igoera sinatu ditu. Baina hil honetan egin duen azkenak plus berezia du. Bide berri bat bakarka zabaldu du: “Polar vortex”. Norvegiako iparraldean dagoen Rankeipen hormatzarrean izan da. Datu orokorrei begiratzen badiegu, konturatuko gara estilo horretan nortasun handiko proposamena sortu duela; izan ere, 1.200 metro luze da eta M6 eta WI6 zailtasun teknikoak ditu. Ekarpen hori egin eta gero, finlandiarrak zera adierazi du: «Inoiz bizi izan ditudan ordu sutsuenak izan dira».

Neguko jarduera horren aurretik, “beroketa” lanak egin zituen abenduan. Murru hotz zein zorrotz horretan beste bide bat ireki zuen. Igoera horretan Alexander Nordvall izan zuen sokakide, eta indarrak batu ondoren “Artic circus” (M6, WI6) sortu zuten: «Alexendarrekin eskalada hori bukatu bezain laster, gogotsu nengoen beste bati ekiteko. Hormatzar hori oso erakargarria da, eta itzultzeko egundoko gogoa nuen. Aldez aurretik bizpahiru aukera aztertu nituen. Paretara hurbiltzea ez da oso erosoa eta segurua, eta horregatik argi nuen egokiena goitik rappelatzea zela. Gainera, bakarkako eskalada bat egin nahi nuen».

HASIERAKO XEDEAN ALDAKETA

Joan den 3an, eskiak jarri eta 770 metroko desnibela igo zuen. Ez zegoen batere ziur aukeratutako egunarekin, besteak beste, ikuspen gutxi zegoelako. Haatik, puntu gorenera heldu, eskiak kendu eta rappelatzen hasi zen: «Eguraldi horrekin bakarkako eskalada bat egitea ez zen batere atsegina. Baina rappelatzen hasi nintzenean, nire aldartea hobetu zen. Zenbait rappel egin ondoren, bidearen oinarrian dagoen erlaitz seguru batera heldu nintzen. Banekien konpromiso handia eskatzen duen jarduera bat hasi behar nuela. Lehen urratsak zalantza handiz egin nituen. Ez nengoen ziur eskiak utzi nituen lekura helduko ote nintzen. B plan bat ere banuen; hain zuzen ere, ondoan zeuden korridoreetatik jaistea. Baina ez zen aukera ona».

Berez, Knuuttilaren asmoa bakarka integraleko eskalada bat egitea zen; hots, bakarka eta sokarik gabe. Baina elurrezko lehen aldatsetan sartu zenean, xede hori baztertu zuen: «Urrutitik begiratuta, aldapa horiek samurrak ziruditen. Baina sartu nintzenean egundoko ezustea izan nuen: elur-hautsarekin estalita zeuden plaka batzuk ziren! Aldats horiek deseskalatu eta nire mentalitatea aldatu nuen. Soka hartu eta berriro eskalatzen hasi nintzen. Onartu behar dut igoera horrek asko eskatu didala. Adibidez, 50 metroko luze batek bi orduko lana eskatu zidan. Sekzio hori gainditu eta izotzezko egitura handi batzuetara iritsi nintzen. Eroria zuen diedro bat zen. Tarte hori bukatu eta izotz-kandela gogor batzuk gainditu behar izan nituen».

Egiten ari zen jarduera aurreikusitakoa baino askoz ere zailagoa bihurtu zen. Finean, bakarka eskalatzen ari zen. Zailtasun tekniko gogorrenak amaitu aurretik, finlandiarrak beste pare bat ordu gogor borrokatu behar izan zuen sekzio basati batekin: «Dry tooling-a, izotz mehean zeharkaldia, eroria zuten tarte batzuk, izotzezko dagak… Zorionez, soka guztia amaitu zenean, zailtasunak bukatu ziren».

Eskiak utzi zituen lekura heldu bezain pronto, Knuuttilaren estresa amaitu zen. Onartu du bakarkako aktibitate horrek asko eskatu diola: «Leher eginda baina pozarren bukatu nuen. Estilo horretan igoera bat egiteak hustu egiten zaitu; ordu zailak eta gogorrak bizi izan nituen».

GOGORRENA ESKOZIAN

Bien bitartean, Eskoziako neguko eskaladek ez dute etenik. Duela aste batzuk aipatzen genizuen denboraldia “bero” hasi zela, eta besteak beste, Greg Boswell espezialista handiaren igoera bat azpimarratzen genuen. Bada, alpinista honek britainiar neguko graduazioari astindu berria eman dio. Lochnagar-en “Bring da Ruckus”-en lehen igoera sinatu berri du. Eta eskalada horrentzat muturreko proposamena egin du: XII, 13. Hots, ingurumari hartan orain arte egin den zailena. “Anubis” edo “Banana wall” (biak ala biak XII, 12) ziren ohore hori zutenak. Arriskuan (XII) maila bera dute, baina “Bring da Ruckus”-ek zailtasun tekniko (13) gogorragoak ditu.

Onartu behar da Boswell oso eraginkorra izan dela: bide horretara hurbildu eta hirugarren ekinaldian kateatu du. Marraren giltza sabai ikaragarri bat da. Protagonistak aurreratu du sabai hori aspalditik buruan zuela: «Jamie eta Hamish Frost izan dira xede hori egiteko bultzatu nautenak. Hala ere, onartu behar dut Lochnagar-era hurbildu ginenean ez genuela asmo berezirik. Baina hara iritsi eta une egokia zela iruditu zitzaidan. Lagunen presioa ondo gainditu nuen, eta, asko pentsatu gabe, marran sartu nintzen. Sabai handi horretan pare bat ekinaldi egin nituen, baina ez nuen helburua lortu. Eskozian inoiz egin ditudan mugimendu zailenak ziren! Hirugarren saialdia ezberdina izan zen. Borroka handi horretan azken mugimenduan ia erori egin nintzen. Ikaragarria izan zen; izan ere, sabaia gainditu eta hurrengo metroen inguruko informaziorik ez nuen. Bai, borroka mental itzela izan zen. Horrez gain, ondoko elur-jausiek asko beldurtu gintuzten. Babesean geunden, baina horrek ez zituen geure buruak lasaitzen. Itzuli ginenean, egoera asko aldatu zen eta irribarreak eta elkarren arteko besarkadak nagusitu ziren. Abentura handia izan da».

“Bring da Ruckus” bideari eman dion mailari dagokionez, Boswellek argi du zailtasunean oso iraunkorra dela eta eskalatu zuen sabai handiak mugimendu tekniko oso zailak dituela. «Zalantzarik gabe, Eskozian eskalatu ditudan muturreko bideen gainetik dago. Berez, ez da erraza proposamen hori egitea; batez ere kontuan hartzen badugu eskalada misto horretan muturreko maila duten marra gutxi daudela. Neure eskarmentuaren arabera egin dut proposamen hori; baina, errepikapen gehiago iritsi arte, esan dudan guztia espekulazio hutsa da», zehaztu zuen alpinista eskoziarrak.