GARA Euskal Herriko egunkaria
[ TOM NAIRN ]

Eskoziako abertzaletasunaren pentsalaria eta ezkerraren erreferente garrantzitsua

((Open Democracy) (Sandy Moffat))

Tom Nairn, «Eskoziako mugimendu independentista modernoaren aitabitxi intelektual» gisa ezagutu dena, 90 urterekin hil da. Anthony Barnett “Open Democracy”-ren sortzaileak eta Judith Herrin arkeologoak Nairnen familiaren izenean argitaratutako ohar baten arabera, pentsalariak urte batzuk zeramatzan ondoezik eta larunbatean izan zuen erorketa baten ondorioz zendu zen.

Eragin handiko intelektuala izan da Nairn, eta Eskoziako arduradun politiko eta akademikoek eragin hori nabarmendu dute. Adibidez, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak Twitterren zabaldu zuen bere mezua: «Eskoziak inoiz eman duen pentsalari, teorialari politiko eta intelektual handienetako bat zen, eta, zalantzarik gabe, nazionalismo zibikoaren ahots nagusi eta errespetatuenetakoa. Nire doluminak bere gertukoei».

Haren aurkari izan zen Gordon Brownek ere Nairnen heriotzagatik doluminak azaldu zituen. Britainia Handiko lehen ministro izandakoaren esanetan, Nairn «idazle, pentsalari eta intelektual handia, eta gizon ona izan da». «Gauza askotan ez zegoen nirekin ados, baina luzaroan gogoratuko dira bere liburuak eta lan akademikoa», gaineratu zuen.

“Open Democracy”ko kazetari Adam Ramsayk honela laburbildu zuen haren ekarpena: «Oso tristea da baieztatzea gaur hil dela Britainia Handiko filosofo garaikide handiena, nazionalismoaren teorialari enblematikoa eta Eskoziako mugimendu independentista modernoaren aitabitxi intelektuala, Tom Nairn».

Bere lana eta pentsamendua

Nairn Britainia Handiko Ezker Berriaren pentsalari garrantzitsuenetakoa izan da, nahiz eta tradizio horri egin zion kritikak eta Eskoziaren independentziaren aldeko jarrerak hortik kanpo kokatzeko aukera ematen duen. Edonola ere, pentsamendu aberats eta konplexua zuen, eta ez da korronte bakar batean kokatzen erraza.

1962tik aurrera, Perry Andersonekin “New Left Review”-n aritu zen. Aldizkariaren sortzaileek jatorri irlandarra zuten, eta nazionalismoaren auzia interesgarria zen haientzat. Ordukoa da «Nairn-Andersonen tesia» deitu zena, Britainia Handia zergatik ez zen modu «normal» batean garatu azaltzen saiatzen zena. Garapen «oker» horren atzean Erresuma Batuaren izaera inperiala zegoen.

Nairn Europaren integrazioaren defendatzailea izan zen luzaroan, eta ideia hori “The Left Against Europe” (1973) liburuan azaldu zuen lehen aldiz, Britainia Handiko ezkerreko mugimenduetan iritzi nagusia Europar Batasunaren aurkakoa zenean. Eskoziako Parlamentuari eta Galesko Biltzarrari boterea itzultzearen aldekoa ere izan zen, baita Eskoziaren independentziaren defendatzailea ere.

Tony Blairren «hirugarren bidea»-rekin eta Gobernuarekin oso kritikoa izan zen. 90eko eta 2000ko hamarkadetan, gainerako nazioei botere nahikorik ez ematea kritikatu zuen, hain zuzen ere. Nairnen iritziz, Londresko botere-kontzentrazioaren ondorioz, Eskoziaren potentzial ekonomikoa mugatuta zegoen. Metropolia Estatu britainiarraren botere egituren eta izaera arkaikoaren adierazle zen, bere ustez. Aurrerago, umore handiz, Nairnek «UKania» deituko dio britainiar Estatuaren tradizio horri guztiari.

Gainbeheran den inperioa

“The Break-Up of Britain” (1977, 1982an berrikusia eta 2021ean berrargitaratua) da Nairnek idatzitako liburu ezagunena. Bertan, Britainia Handiko nazio-mugimenduen azterketa marxista egiten du. Liburuak dio Erresuma Batua ez dela nazio bat, gainbehera dagoen inperioa baizik, eta Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako nazio-mugimenduak gainbehera horren sintoma direla. Estatu britainiarra hautsi egin behar dela dio, Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako nazioak modu independentean garatu ahal izateko. Nazionalismoaren sorreran eliteek, populismoak eta erromantizismoak izan zuten eragina eta nostalgiak nazionalismo horren garapenean duen funtzioa aztertu zituen. Indar atzerakoia edo aurrerakoia izan daiteke, baina nazioaren ideiaren eta nazionalismoaren indarra ukaezina da, bere ustez.

Aurrerago, nazionalismoa (nationalism) eta nazionalitateari buruzko politikak (nationality politics) desberdindu zituen. Aurretik beste pentsalari askok egin duten bezala -nazionalismo zibikoarekin eta etnikoarekin, adibidez-, bereizketa horrek nazionalismo on eta txarraren arteko banaketa erreproduzitzen du. Bere esanetan, britainiar egituraketa zitala eta hortik eratortzen den tradizio politikoa nazionalismoa litzateke. Aldiz, eskoziar eta galestar mugimendu askatzaileak nazionalitateari buruzko politika eraikitzailearen adibide gisa uler daitezke. Dena den, eskoziar eliteekin ere kritiko agertu zen.

Britainiar monarkiarekiko kritika eta errepublikanismoaren defentsa izan dira Tom Nairnen pentsamenduaren beste bi ardatz. “The Enchanted Glass” (1988) liburuan monarkiaren abolizioaren aldeko argudioak zehazten zituen.

Azken urteetan “Open Democracy”-n argitaratu ditu. Bertan, 2016an berari egindako elkarrizketa interesgarria dago, bizitzan grabatu zioten bakarra, ingelesez.