GARA
AURKEZPENA

Pilota mistoa, goraka Binakako Masterrean

Binakako txapelketaren aurkezpena.
Binakako txapelketaren aurkezpena. (EMAKUME MASTER CUP)

Donostiako Aquariuma aukeratu zuten antolatzaileek VII. Binakako Master Laboral Kutxa txapelketa aurkezteko. Duela zazpi urte Emakume Master Cup sortu zenetik goranzko bilakaera izan duela antzeman daiteke, eta horren adibide garbia da atzoko ekitaldian izan ziren erakunde desberdinetako ordezkariak.

Bilakaera horretan argi antzeman daiteke pilota mistoak hartu duen garrantzia. Hasiera batean txapelketa guztiak pilota goxoarekin jokatzen baziren, gaur da eguna mistoaren aldeko apustua egiten dutenak gehiengoa direna. Pentsa, aurtengo txapelketan 65 pilotarik parte hartuko dute, lau mailetan, eta gehienak 85 gramoko pisua eta 60 milimetroko diametroa duten pilota mistoarekin arituko dira: Pilota Goxua (25 pilotari), pilota mistoa gazteak (24), pilota mistoa 1. maila (8) eta pilota mistoa elite maila (8).

Gainera, hasieratik izan duen filosofiari jarraiki, aurtengoa ere txapelketa erabat irekia izango da; hau da, parte hartu nahi izan duten emakume guztiek ateak erabat irekita eduki dituzte eta bakoitzak bere behar eta nahietara egokituko den lehiaketa bat izango du. Hala, oraindik pilota goxoarekin jokatzea nahiago dutenek ere izango dute euren txokoa, «garrantzitsuena pilotan aritzeko gogoa duten emakume guztiek horretarako aukera izatea baita», nabarmendu zuten aurkezpenean.

VII. Binakako Master Laboral Kutxa txapelketari dagokionez, elite mailan, iazko txapeldunak, Olatz Arrizabalaga eta Enara Gaminde, bere aldetik saiatu beharko dute txapela errepikatzen. Larrarte-Arrillaga, Arrizabalaga-Capellan, Aldai-Mendizabal eta Garai-Gaminde dira bikoteak. Denak denen aurka arituko dira, eta ligaxkako sailkapenaren arabera jokatuko dira Laudioko finalerdiak: lehenengoak laugarrenen aurka eta bigarrenak hirugarrenen aurka.

Txapelketa Murgian hasiko da igande honetan. Dagoeneko prest du martxoaren 26ra arte Zarautzeko finalera eramango duen bide-orria (ETB-1ean zuzenean): Amezketa (otsailaren 12an), Galdakao (otsailaren 19an), Segura (otsailaren 26an), Eskoriatza (martxoaren 4an), Zamudio (martxoaren 4an), Asteasu (martxoaren 5ean) eta Laudio (martxoaren 12an, hemen finalerdiak.