GARA
DONOSTIA

2.500 lanpostu suntsituta eta langabezia tasa handituta bukatu zen 2022. urtea

Hego Euskal Herriak urte hasieran baino 2.500 landun gutxiagorekin itxi zuen 2022. urtea; beraz, 1.242.400 daude. Langabeen kopuruak ere gora egin zuen: 3.000 langabe gehiago, 122.900 guztira. Urte bukaeran langabezia tasa %10,09koa zen Nafarroan, %8,66koa EAEn.

Garbiketako langile bat, zinema aretoa desinfektatzen.
Garbiketako langile bat, zinema aretoa desinfektatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

INE Espainiako Estatistika Institutu Nazionalaren datuek, 2022ko laugarren hiruhilekoari buruzkoek, erakusten dute urtea enplegu suntsiketarekin eta langabezia-tasaren igoerarekin amaitu zela Hego Euskal Herri osoan.

EAEren kasuan, urte hasieran baino 7.700 landun gutxiagorekin amaitu zen 2022a, hau da, %0,80ko jaitsierarekin, 943.000 pertsonatan kokatuta. Aldi berean, langabezia 1.900 pertsonatan igo zen (%2,13), 9.000raino. Horrela, langabezia tasa %8,66an finkatu zen, aurreko ekitaldiko %8,43aren aldean.

Aurreko hiruhilekoaren aldean 10.400 lanpostu suntsitu ziren erkidegoan (%1,09).

Nafarroan langabeek gora

Nafarroari dagokionez, azken datuen arabera, biztanleria landunaren hazkundearekin itxi zen 2022. urtea, aurreko ekitaldian baino 5.200 pertsona gehiago zenbatuta.

Langabe kopuruak, baina, gora egin zuen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezala: 1.100 langabe gehiago. Hala, urtearen amaieran 293.11 landun eta 32.900 langabetu zeuden Nafarroan.

Aurreko hiruhilekoaren aldean %0,16 (500 pertsona) egin zuen gora landunen tasak Nafarroan, eta %1,80 (5.200 pertsona gehiago) 2021eko hiruhileko bereko datuekin alderatuz gero.

Langabeei dagokienez, azken hiruhilekoan %13,78 (4.000) hazi zen tasa Nafarroan aurreko hiruhilekoaren aldean. Eta %3,57 (1.100 pertsona) handitu da aurreko urteko garai beraren aldean.