GARA Euskal Herriko egunkaria

Rozalen, Delirium Tremens eta Bulego, «Ura bere bidean» sinfonikoan

Dagoeneko salgai daude urriaren 28an BECeko Bizkaia Arenan egingo den bigarren «Ura bere bidean» jaialdirako sarrerak. Oholtza gainean Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Koral Elkartea eta hogei rockero, kantautore... eta horien artean kanpotik gonbidatu berezi bat: Rozalen, euskaraz kantatzen. Berritasunez beteta dator egungo euskal musika egitura sinfonikora moldatzen duen proiektu ikusgarri hau, Gasteizera hedatu baita.

Iazko kontzertuaren irudia. Giro beroa, ezin hobea sortu zen. (FAIR SATURDAY)

Doctor Deseoko Francis eta Süne taldeko partaideen artean 40 urteko tartea dago, euskal musikagintzaren barnean jardunean izan diren belaunaldi ezberdinen arteko tartearen isla. Istoria eta doinu bizi hauen isla izango da, era berean, Bizkaia Arenan urriaren 28an egingo den “Ura bere bidean” jaialdiaren bigarren edizioa. Atzo BECen bertan kartela iragarri zuten: Francis eta Sünez gainera, Parabellum, Delirium Tremens (Andoni Basterretxea), Urtz (Xabi Camarero), Sorotan Bele (Urbil Artola eta Gorka Sarriegi), Gozategi (Asier Gozategi eta Iñigo Goikoetxea), Mikel Urdangarin, Gatibu (Alex Sardui eta Haimar Arejita), Zea Mays (Aiora eta Piti), Anne Etchegoyen, Esne Beltza (Xabi Solano), Skakeitan (Peio Armendariz), En Tol Sarmiento (Iñigo Etxezarreta), Kalakan, Olatz Salvador, Bulego (Tom Lizarazu), Idoia eta Neomak parte hartuko dute Fernando Velazquez konpositoreak -eta Grammy baten irabazlea- egokitu dituen kanten bertsio sinfonikoei ahotsa jartzeko.

Musikari hauekin batera, gonbidatu legez, Rozalen. “Matriz” diskoan euskaraz grabatu duen “Xalbadorren heriotzean” kantaren bertsioa egingo du BECen eta, antza denez, berak ere bide berriak zabalduko ditu, “Ura bere bidean” egitasmoaren hurrengo edizioei begira nazioarteko partaideren bati “sarea” bota omen diotelako.

Entseguan sartzeko aukera?

Sarrerak salgai jarri ziren atzo beraien web orrialdean, 12 eta 75 euro arteko salneurrian. Aforoa: 11.000 bat ikusle. Horren %30 erreserbatuta dago, iaz egon zirenei eskaini zitzaielako, oraindik kontzertuko partaideak nortzuk izango ziren jakin ez arren. Sarrerak agortuz gero ez da bigarren kontzertu bat egingo; baina, eskaera handia egonez gero, seguruenik bezperako entsegu orokorrerako ateak zabalduko dituzte. Iaz kolektibo desberdinetako 600 lagunei eman zitzaien aukera entsegua ikusteko. Ikusleria egun horretan handiagoa izan dadin aztertzen ari dira.

Ekainaren hasieran kantuen ikus-entzunezko grabazioa egingo dute Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearekin. Eta hortik aurrera pixkanaka hasiko dira kanten moldaketak publiko egiten. Estreinaldi digitala, sareetan, irailaren 1etik aurrera egingo da, eta astean behin kanta bat argitaratuko dute. Bide batez, sortzaileen gogoetak, oroitzapenak eta inpresioak bilduko dituzten dokumental modukoetan. Urrian, errealitate birtualeko betaurrekoekin ikusi ahal izango diren 360 gradutan egindako grabazioak jarriko dituzte eskuragarri. Jaialdia ETBn eskainiko da.

Proiektu hau 2020an sortu zuen Fair Saturday fundazioak, Bizkaiko eta Arabako Aldundien eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. «Etengabe bizkortzen ari den mundu batean bizi gara. Musikaren sorkuntzak iraungitze azkarrekoak dira, gizarteak ia mugarik gabeko sarbidea du mundu osoko banda eta taldeetara eta, musikaren industrian, handiak dena eramateko joera dauka».

«Premiazkoa da kultura gutxituei balioa emango dieten proiektuak sortzea», aipatu zuen Jordi Albaredak, fundazioko bultzatzaileak. Xede horrekin, martxoan, aurtengo eta aurreko edizioetan egin diren konposizioen partiturak eta horien moldaketa koral eta instrumentalak kaleratzeko asmoa dute, koral eta musika-eskolen eskura jartzearren. Abesbatzak izango dira irailean aurreikusita dagoen “Ura bere bidean Choral” kontzertuaren protagonistak.