GARA
BIGARREN MAILA

Kanpoan irabazi du hiru hilabete eta erdi ostean

Miranda Gasteiztik hain urrun ez egonda, esan daiteke Alavesek etxean jokatu zuela atzokoan, baina egia esan, azken hiru hilabete eta erdian etxetik kanpo zeramaten bolada bukatutzat eman zuten baba-zorroek Mirandesi 1-3 irabazita. Mendizorrotzatik urrun lortutako azken garaipena Andorran izan zen (0-1).

Joseba Etxeberriak gidatzen duen taldea oso maila onean iristen zen neurketara eta Alavesek ondo eutsi zien etxeko jokalariei hasieran. Hala ere, Realak utzita Mirandesen jokatzen ari den Roberto Lopezek Anduvako taldea aurreratu zuen 36. minutuan Salva Sevillaren huts bat baliatuz.

Alavesen erantzuna azkarra izan zen. Jasonek arabarren jokaldi bikain bat bukatu eta partida berdindu zuen. Bigarren zatian, Luis Riojak baloi luze bat aprobetxatu zuen 1-2koa egiteko eta 65ean Moyak 1-3koa egin zuen ukitzen zuen lehen baloian.