GARA Euskal Herriko egunkaria

Ez nazazu utzi


Mikel Laboak 60ko hamarkadan entzun omen zuen Jacques Brel belgikarra “Ne me quitte pas” kantatzen Frantziako telebistan. Sortu zion hunkidura zela medio, gitarra hartu eta “Ne me quitte pas, il faut oublier, tout peut s’oublier, qui s’enfuit déjà, oublier le temps, des malentendus, et le temps perdu…» bere eran kantatzen hasi zen, ez baitzekien frantsesez. Xabier Leteri entzun nion euskaraz: «Ez zaitez joan, ez nazazu utzi, ahaz dezagun denbora zaharra, ilunperatu desleialtasun zaurigarrien une larriak, ordu zekenen bihotz mindua, berriz ehortzi behin betirako», hark frantses literatura ere ezagutzen zuen agidanean. Imanol Larzabalek ere kantatua zuen Andoni Lekuonaren oso bestelako itzulpen bat: «Ez nazazu utzi! Behar da aztu, guztia aztu, aztu ta etsi: Aldi galdua, joan den garai, kontrako zernahi hor pilatua; orduen hotsa, garratza zena, hausten zuena zorion-poza…».

Baina umetan irakasle genuen Lurdes Iriondok bazeukan bere “Ez nazazu utzi” partikularra, ez Brelena, bere-berea baizik: «Ez nazazu utzi, nik ez zaitut utziko, ez nazazu utzi, ez, nik ez zaitut utziko. Negar egingo duzu ilunabarrean baina poztuko zera eguna argitzean. Ez nazazu utzi… Amets egingo duzu ilunabarrean libre jarriko nautela eguna argitzean». Oroitzen dut «libre jarko nautela» kantatzen, silabak ez zitzaizkiolako kabitzen. Bera bai ez zela kabitzen lurtarron artean! Tira, hau dena idatzi dut, ondotik, euskara jatorrean «Utz nazazu» idatzi beharko nukeela erran didazulako.