A. G.
NBA

LeBron James, 38.387 puntuetatik oso gertu

LeBron James, saskira bidean.
LeBron James, saskira bidean. (Jonathan BACHMAN | AFP PHOTO)

NBAko Mendebaldeko Konferentziak pieza propioa merezi du; izan ere, Historikoki “Wild, Wild West” izenez ezagutu izan den Konferentzia sekula baino «basatiago» baitator aurten.

Alabaina, uneotan LeBron James da aipatu beharreko izena, apurtzea ezinezkoa zirudien errekorra haustear baitago: NBAko saskiratzaile nagusiaren marka, hain zuzen. Kareem Abdul-Jabbar handiak -musulman bihurtu baino lehen Lew Alcindor izenez ezaguna- 38.387 puntu saskiratu zituen 1969tik 1989ra bitartean. Orotara 1.560 neurketa jokatu zituen, eta, gainera, bere karrera osoan hiruko jaurtiketa bakarra saskiratu zuen pibotak.

TOKIA ETA EGUNA

Noiz gaindituko du 38.387 puntuen marka historikoa? Euskal Herrian hilaren 8ko goizaldean Oklahoma City Thunderren aurka jokatuko du Los Angeles Lakersek. Deskuiduan errekorra orduan hautsiko balu, inor ere ez litzateke harrituko.

LeBron Jamesi 36 puntu falta zaizkio Kareem Abdul-Jabbarren marka hausteko. Pasatu berri den jardunaldian, 27 puntu sartu dizkio Los Angeles Lakers taldeko izarrak New Orleans Pelicansi. Zeruak eta lurrak bat egin ezean, asteon hautsiko du Abdul-Jabbarren marka LeBron Jamesek.

Alabaina, zer izango litzateke gure mundua, erromantizismoari lekutxo bat utzi ezean? Euskal Herrian otsailaren 10eko goizaldea denean Lakers eta Milwaukee Bucksek jokatuko dute elkarren kontra; hau da, Kareem Abdul-Jabarren kirol ibilbide profesionaleko bi taldeek. Zein hori baino neurketa hobea, behingoan errekor hau hausteko?

Hala, dela morboa, dela zaletasuna, Thunder zein Bucksen aurkako partidetara begira sarrerak oso garesti ari dira saltzen. «SITickets» atariaren arabera, Oklahoma City Thunder taldearen aurkako partida 424 dolarrean hasi zen, gutxienez, eta 1.757,41 dolarren inguruan dago batez besteko prezioa. Maximoak, bestalde, 100.000 dolarrera iristen dira.

Milwaukee Bucks taldearen aurrean 393 dolarretik 1.931 dolarrera arteko sarrerak mugitzen ari dira, batez besteko prezio gisa. Pistako eserlekuak 97.000 dolarrera iritsiko dira.