GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Sancet, etengabe hazten eta Europara iristeko giltzarri

Taldeko golegile nagusiak Ligako partida guztietan parte hartu du eta, Valverdek Cadizi irabazi ostean onartu zuen bezala, gaur egungo Athleticentzat «beharrezkoa» da. Zelai-erdian jokatzera egokitzen ari da denboraldi honetan.

Sancet, taldekideekin batera, herri harmailarekin Cadizen aurkako garaipena ospatzen. (M. RAMIREZ | FOKU)

«Oihan, Oihan, Oihan...» abestuz agurtu zuen ostiralean herri harmailak, San Mamesen egindako erakustaldia eskertzeko. Taldekideek ere zeruraino altxatu zuten aldagelan, Cadizen aurkako hiru golak ospatzeko. Harro, pozik eta hunkituta agertu zen, sentitzen zuena adierazteko hitzak aurkitu ezinik. «Sinestezina da», gaineratu zuen golak oreinaren adarrak aterata ospatzen dituen jokalariak.

22 urte ditu eta dagoeneko bigarren aldia da hat trick bat egiten duela. Azken hamarkadetan oso jokalari gutxik lortu dute kamiseta zuri-gorriarekin. Julen Guerrero, Urzaiz, Llorente, Aduriz... izen handi eta esanguratsuak, Athleticen ikurrak izan direnak erasoan.

Sancetek ere maila horretara iristeko aurrerapauso nabarmena eman du denboraldi honetan. Taldeko golegile nagusia da, sartutako 7 golekin, eta Ligako partida guztietan parte hartu du. Valverderentzat jokalari garrantzitsuenetako bat da eta hamaikakoan izan da norgehiagoka gehienetan. Mestallan jokatutako Kopako kanporaketan eta Balaidosen aulkian geratu zen, baina hasieratik aritzeko aukera eman zion entrenatzaileak Cadizen kontra. Hil ala biziko partida zen zuri-gorrientzat eta bolada txarrari amaiera emateko erasora jotzeko hautua egin zuen Valverdek.

Vesga, Sancet eta Muniain zelairatuz, denboraldi hasieran egindako apustua berreskuratu zuen eta emaitzak arrazoia eman zion. Zuri-gorriek defentsan arazoak izan zituzten arren, Cadizen atzeko lerroan sortutako desoreka bigarren lerrotik heldu eta golak egiteko erabili zuen Sancetek.

Garitanorekin erdi-punta gisa egin zuen debuta eta Marcelinorekin bigarren aurrelaria izatera moldatu ostean, euskarri postura egokitzen ari da orain nafarra. Etengabe hazten ari da. Jokaldiak bukatzeko daukan gaitasunarekin batera, baloia banatzerakoan ere lagundu dezakeela uste baitu entrenatzaileak. «Behar dugu», berretsi zuen Ernesto Valverdek.

BERRITZEA?

Sancet jokalari erabakigarriena da gaur egungo Athleticen eta Europako trenera igotzeko giltzarria. Azken garaipenarekin, seigarren postutik bi puntura kokatu dira zuri-gorriak. Lesioek uzten badiote, bere mailarik onena ahalik eta partida gehienetan erakustea da bere hurrengo erronka. Erregularragoa izatea, alegia.

Etorkizun hurbilean taldearen ikur nagusia izateko dohainak dauzkala erakutsi du. 2024an amaitzen zaio kontratua eta 45 miloi euroko etete klausula dauka. Bere asmoen inguruan galdetuta ordezkariaren esku utzi ditu kudeaketaren nondik norakoak azkenaldian. Hala ere, irailean “Berria” egunkarian egindako elkarrizketa batean argi utzi zuen «oso gustura» dagoela Athleticen eta urte asko egotea espero duela.

Zurrumurruak ohikoak dira futbolean eta, argitaratu den bezala, Ingalaterrako taldeen interesa piztu izana ez litzateke harritzekoa izango. Orain dela aste batzuk ere bere taldekide Nico Williamsek Aston Villaren eskaintza bati ezezkoa erantzun ziola zabaldu zen. Hegaleko jokalariaren kontratua ere 2024an amaitzen da eta 50 milioi euroko etete klausula dauka. Felix Tainta da bien ordezkaria.

Athleticen Zuzendaritza Batzak hilabete honetan aurkeztu behar du klubaren inguruko diagnostikoa eta egoera ekonomikoari buruzko plangintza. Sanceten eta Nico Williamsen kontratuak luzatzea derrigorrezkoa da kirol arloan bete nahi diren helburuei erantzun ahal izateko.

MALCOM ETA YURI

Bilbao Athleticek berdinketa lortu zuen azken jardunaldian Nasticen kontra (0-0). Bederatzi puntuko aldea daukate oraindik jaitsiera postuetatik ateratzeko. Malcom Adu Ares hamaikakoan sartu zen eta gol aukerak izan zituen. Lehen jardunaldian Athleticekin debuta egin ostean, Cadizen aurkako deialdian sartu zen, baina ez zuen jokatu. Bestalde, utzita dagoen Ewan Urain aurrelariak bere lehen gola sartu zuen Amorebietarekin.

Athleticek helegitea jarri du Yurik Cadizen aurkakoan jasotako lehenengo txartel horia kentzeko. Bigarren zatian kaleratu egin zuen epaileak eta ezin izango du larunbatean Mestallan jokatu.