Iker GURRUTXAGA
MUSIKHARIA
Entrevista
Aitor Bengoetxea ‘‘Bengo’’
Artista

«Galduta hasten dut diskoa, eta nire buruari barkamena eskatuz bukatu»

‘‘Denbora’’ kantuarekin aparra bezala zabaldu zen Aitor Bengoetxea (Oiartzun, 1997) ‘‘Bengo’’ artistaren izena. ‘‘Lau taupada’’ izeneko mixtapea kaleratu zuen haren ondoren, baina denbora pasatu da eta lehen lan luzea atera du 2023an, ‘‘Bizirik’’ deitzen dena. Eta bai, bizi-bizirik dagoela egiaztatu dugu.

(MUGA STUDIO - THE KROW FILMS)
Kaixo Aitor, zer moduz?

Ederki, gogoz hizketan hasteko.

Goizeko zortziak beti ez dira berdinak izaten. Zuk zein maite dituzu?

Begiak zabalik ditugunean, igande goiza denean dagoeneko, horiek gogoko ditut.

Zure musika estiloak aldaketa izan duela esan dezakegu?

‘‘Lau taupada’’ baino lehenago egiten nuen musika ez zen hain poperoa, eta egia da aurreko lana nahikoa poperoa zela. Orain badira hasierako gazte hari egindako erreferentziak, ‘‘Barkatu’’ bezalako kantuekin. Boom-bap hori egin dut gazte hari begira, zikloa ixteko. Nahi dudana egin dut, lagun artean, nahiz eta mailak gora egin duen nabarmen disko honetan.

Kontatzen dena autobiografikoa al da?

Barrutik ateratzen den hori idazten saiatzen naiz, baina ez hain metaforikoki, jendeak argi uler dezala esan nahi dudana. ‘‘Hemen gatxik’’, esate baterako, letra nostalgikoa da; baina gaueko 23.00etan, udan eta gauez egin genuen Kilikik eta biok, eta ezin zuen zerbait tristea izan. Kanta bakoitzak bere barne istorioa du, eta batzuetan metaforikoki esaten dudan arren, beti agertzen da atzeko alde hori. Dena dela, ulergarria izaten saiatu naiz.

Mon Dvy da zure ekoizlea, Natalia Lacunza edo Rojuurekin ibilia. Gauza da bera Martin Muñoz dela, Yawners edota Carolina Duranterekin aritu den bateria-jotzailea. Horrela ulertzen da akaso abestien soinua.

Etxe ondoan estudioa du eta asko joan gara bertara. Baina beti ez gabiltza musika egiten. Lagun artean egoten gara, eta musikaz asko daki Martinek, luxu bat da. Bion artean oso ongi ulertu dugu, eta bakoitzak bere ukitua eman die kantuei. Segituan nabaritzen da ekoizpen bat berea den edo ez.

Diskoa atera aurretik, ‘‘Sayek’’ ezagutu genuen, musika urbanotik gertu dagoen abestia. Autobiografikoa da erabat, ezta? Lurrera begira oholtzan zinela aipatzen duzulako diot. Orain burua lasai altxatzen duzu?

ZEID festaren ondoren, gau hura gogoratuz idatzi nuen. Lehen kontzertutik horraino bizitako ibilbideari abesten diot, eta mendian gora korrika goazela abestu, nahi duguna egiteko aske garelako. Ez goaz ezeren bila, lasai eta pozik gaude egiten duguna egiten. Oholtzarra igo nintzen lehen alditik gaur arte aldaketa handia izan da: askoz erosoago nabil orain.

Aurreko batean esan zenidan zure barruan zerbaitek klik egin eta aurrera egitea erabaki zenuela.

Bai, hala da. Errepikaren ondoren, duela zazpi urte nintzen gazteari hitz egiten diot. Musika sortzen ari nintzen orduan ere, modu isilean, eta gaur oholtza gainean oihuka gabiltza. Kontrastea handia da, eta hori erakutsi nahi izan dut.

Jon Narvaez, Lurra Films eta Muga Studio izan dira bideoklipen sortzaileak. Zer moduz grabaketetan?

Bideoklip batzuk antzeztuagoak dira, adibidez ‘‘Bakarrik’’ kantuarena, gidoia dagoelako. Baina ‘‘Sayek’’ naturala da; lagunak dira Lurra Filmsekoak, eta kontzertuetako zatiak grabatuta eginda dago. ‘‘Galduta’’ kantuaren bideoak, berriz, nostalgia du eta irudiekin jolastu dugu. Baina agertzen den umea bera ere ni naiz. Oroitzapenak eta irudi dotoreak lotu ditugu.

Norbaiti eskainia dago ‘‘Galduta’’?

Gurpil baten modukoa da diskoa. Galduta hasten dut diskoa, eta nire buruari barkamena eskatuz bukatzen dut. Bizi izan ditudan fase desberdinak aipatu ditut. Autoerreferentzia asko daude.

‘‘Bakarrik’’ abestian zurekin edo zu gabe klasiko hori aipatzen da.

Bai, eta goizeko zortziei hor egiten diet erreferentzia. Baina ‘‘Infernutik’’ izatez kronologikoki lehenago dago, goizeko 6:00etan kokatzen delako. Nire barruko deabruaren kalteen ondorioz nago gero 8:00etan bakarrik.

Maitasun istorio xelebre bat du ‘‘Ez dut beharrik’’ kantuak. Kilikik lagunduko du hori horrela izaten, ezta?

Berak idatzitako barrak dira, eta bakoitza bere munduan dago. Istorio bera desberdin kontatzen dugu. Goizaldeko 2:00etan hasi eta 7:00ak arte ibili ginen grabatzen, lagunartean eta ondo pasatzen. Niri gustatzen zait kolaborazioetan bakoitzak berea egitea, organikoagoa da askoz ere. Melodia bat sortzen dugu, gero besteak bestea, errepika egiten dugu eta horren bueltan hasten gara gainerakoa sortzen, konponketak bukaerarako utziz. Bakoitza bere zatiarekin pozik geratzea da garrantzitsuena.

Eskorbuto, Cicatriz… haiek aipatzen dira. Punka kontsumitzen ari zineten topera?

Bai, batez ere Eskorbuto bada Kilikiren taldea. Niri betidanik gustatu zait. eta Kilikik ‘‘Eskorbutin’’ deitzen dit. Hortik dator nik «el barrio se queda sin mí» aipatzearena eta Kilikik «historia triste» abestea.

Esan dugu goizeko 6:00etan kokatzen dela ‘‘Infernutik’’, kuadrilla eta distortsioa nahasten dituen kantua. Letrei erreparatuz, erlazio toxiko baten sorreraz ari dela dirudi. Autokritika bat da?

Lagunen artean askotan aipatzen dugu, norbaiten atzetik pasatzen dugula batzuetan gau guztia eta gure buruari eta besteari kalte egiteko arriskua dagoela hor. Gizakiok baditugu horrelako tontakeriak. Eta goizeko 6:00etan deabrua etortzen da, eta hanka sartzen duzu. Maitasun istorio tonto batekin apaindu dugu abestia, baina hortik harago doa.

‘‘Hemen gatxik’’ goizeko 7:00etan kokatuta dago?

Ez, ordu horretan ‘‘Galduta’’ jarriko nuke. Nik litroak egitera joaten garen unean kokatuko nuke hau.

Auzoko bizitza, nondik zatozten… hori erakusten duzue.

Bai, badu hortik. Erritmo aldetik mugitua da, Chickjuarezekin egin genuen eta uneko giroa halakoa zen. Gauerdiaren bueltan sortu genuen eta aldarte hori azaldu dugu. Argi utzi nahi dut Ken Zazpiri ez diodala kritikarik egin nahi, ordu horretan ‘‘Sarri, Sarri’’ nahiago dudala da kontua, ez da besterik.

Chickjuarezekin nolakoa izan da elkarlana?

Marsella estiloko kantua da hau. Bi egunez egon ginen Gasteizen Kiliki eta biok Chickjuarezekin, eta lehenik reggaetoi bat egin genuen, baina ez gintuen konbentzitu. Bazkaldu eta gero, bat-batean instrumental hau jarri zigun, eta horren gainean hasi ginen letrak idazten eta kantua egiten.

Densoren ekoizpena eta Tattaren kolaborazioa du ‘‘Mezu’’ kantuak. Bada halako Frankenstein bat, musika urbanoa, rocka eta housea nahasten dituelako. Musikaren pasioa zer den azaltzen duen abestia ere bada.

Lehendik ezagutzen nituen Tatta eta Denso, eta halako zerbait egitea bilatu genuen, rocka dirudien hori eta elektronika bortitza nahastea. Gainera, elektronikaren gainean abesten dut eta nire melodiak rockero samarrak dira. Egia da Frankestein moduko bat dela; nostalgia du, eta house zatian mezu indartsua botatzen dut oihuka. Dotore geratu delakoan nago.

Aurreko lanarekin kontzertu asko eman dituzu, publikoa bero izan duzu, oholtza garrantzitsuak zapaldu… 2023an zer topatuko dugu zure emanaldietan?

Hasieran kuadrillako betiko lagunarekin joaten nintzen zuzenekoetara. Martinek esan zidan gero elkarrekin hasteko eta bera jarri zen uda ostean zuzendari musikal moduan. Bateria, gitarra, baxua, tronpeta, kameraria… denetarik dugu zuzenekoetan. Kontzertuan gertatzen ari dena VHS formatuan oholtza gaineko telebista batean ematen dugu unean bertan, eta banku eta farola bat dira eszenografia osatzen dutenak, parketik gatozela adieraziz. Show hori guztia sekulakoa da. Gero, Mon Dvyren ekoizpena izugarria da, instrumentu denak berak jo baititu organikoki, eta hori guztia zuzenean defendatuko dugu zenbait musikarirekin. Aurreko abestiak ere moldatu ditugu eta hori ere erakutsiko dugu.

Datarik bai gertu?

Otsailaren 25ean, 40 minutu rocken izango gara eta, ondoren, Laudioko Aiaraldeko kultur faktorian, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean eta BBK Live jaialdian ere bai.

Zigiluak lagunduko zizun bide horretan, baina esan beharra dago fitxatua izan zinela.

Bai, aurreko mixtapearekin hasi ginen harremanetan. Orain, BBK bezalako jaialdi batean jotzea ederra da, oso anitza delako musika aldetik, eta Dukki bezalako artista bat ere han izango delako. Jaialdian, gainera, artista askoren zuzeneko proposamenak ezagutzen dituzu eta, gero haien jarraitzaile bihurtzen zara batzuetan.

Halako oholtza bat ederra da.

Hamar urtetatik nago oholtza gainean. Gaztetxe eta antzoki askotan aritu naiz break dancea dantzatzen. Horrek plazarako erraztasunak ematen dizkizu. Baina abestu ere egin behar dut eta hor dena aldatzen da. Orain gozatzera igotzen naiz; akatsen bat edo beste egingo dut, baina horrek ez du ezer kentzen.