GARA Euskal Herriko egunkaria
FONTAINEBLEAU

65 urterekin 9a mailako blokeko zeharkaldi bat sinatu du Bouvierrek

Frantziako boulderreko espezialista handia da Jean-Pierre Bouvier; Contre-Courant zeharkaldia biribildu berri du. Bien bitartean, Aubin Salmonek “Pachamama” highball-aren (8 metro) lehen igoera egin du.


Fontainebleauko basoan neguko denboraldia nahiko kaskar hasi zen. Eta horren errua tenperatura altuek izan zuten. Azken asteotan, ordea, hotza indartu da, eta arrokaren ukipen bikainarekin batera lehen jarduera azpimarragarriak heldu dira. Alabaina, sona handia duen blokeko eremu horretan jazo diren bi berri nagusiek ez dute ohiko modalitatearekin harreman zuzenik. Hots, ez dira mugatu muturreko zailtasuna duten mugimendu gutxiko blokeekin. Ez, beste bi estilok tokia hartu dute: zeharkaldiak eta highball-ak. Eta bietan ala bietan protagonistak izan direnek goi mailako aktibitateak egin dituzte.

Zeharkaldiari dagokionez, Jean-Pierre Bouvier-ek argi eta garbi utzi du espezialista handia dela. Harritu gaituena izan da arrakasta hori 65 urterekin lortu duela. “Contre-Courant” zeharkaldia biribildu berri du. Hori aipatuta, badirudi ez dugula ezer esaten, baina gehitu behar dugu adin horrekin 9a zailtasuneko zeharkaldi hori egin duela.

Esan dugun bezala, Jean-Pierre Bouvier ez da hasiberri bat. Eskalada handiak egin ditu Fontainebleaun. Eta inportanteenek zeharkaldietan dute isla. Gogoratu behar dugu 1981. urtean Frantziako lehen 7c+ egin zuela. 42 urte geroago, 9a mailako zeharkaldi bat osatu du. Aurretik, adibidez, “Valse aux farewells” (8c) eta “Amanite Tue Mouche” (8c+) sinatu zituen. Egun, bi zeharkaldi horiek eskalatzaile sasoikoenentzat erresistentziazko jarduerak izaten jarraitzen dute.

Horrez gain, Bouvier “joan-etorri” kontzeptua jasotzen duten zeharkaldietan makina bat ordu eta egun egin ditu. Baina, antza denez, kontzeptu horrek eskalatzaile oso gutxi harrapatu ditu. Eta hain zuzen ere estilo horretan “Contre-Courant”-eko mugimendu guztiak lotu ditu. Erresistentzia handia eskatzen duen zeharkaldia da, eta, gainera, oso-oso gogorra: 9a.

Begien bistakoa da Bouvier-ek ez duela motibazioa galdu. Urte piloa daramatza goi mailan, eta oraindik, 65 urterekin, sasoi hori ez du “ia” galdu. Honen guztiaren aurrean protagonista frantziarrak zera aipatu du: «Maila goren horretatik ez naiz jaitsi. Urte asko dira, bai, eta onartu behar dut oraindik zeharkaldiek asko erakartzen nautela. Nolabaiteko konpromisoa bat da; hain zuzen ere, paretaren eta boulderraren arteko kontu bat da. Ohiko blokeek (ia denek egiten duten estiloa) ez dute leku berezirik neure ibilbidean. Konpresioan oinarritzen diren bloke moderno horietan ez dut neure burua ikusten. Urteen poderioz, nire jardunak ez dira makina bat proiektutan zehazten. Nahiago dut soilik erronka handi bat aukeratu eta arrakasta lortu arte jo eta su jardun. Nahiz eta Fontainebleautik gertu bizi naizen, esan behar dut nire oinarriarekin ez naizela ahantzi. Berez, beti hormetan eskalatu dut. Gainera, Fontainebleaun helduleku irristakorrek eta klima bereziak ez naute erakartzen. Soilik luzeak diren proiektuek betetzen naute».

“Contre-Courant” zeharkaldiari dagokionez, protagonistak honek dio ez duela alde handirik ikusten “joan-etorriko” eta soilik “joaneko” xedeen artean. Adierazi du gai horren inguruan luze hausnartu duela, baina ez diola garrantzirik ematen: «Bi aukera dira; ez oso ezberdinak. Azkenean, bati ala besteari maila bat ematen diozu. Nik azken honi 9a jarri diot; proposamen bat besterik ez da. “Fou Rire”-k, adibidez, 9a maila du, baina soilik joaneko bidaia da. Gertatzen dena da azken horrek eta “Contre-Courant”-ek ez dutela errepikapenik jaso. Azken horren ezaugarri nagusia da askoz ere erresistentzia gehiago eskatzen duela: 60 mugimendu ditu. Horretaz gainera, atseden pixka bat hartzeko ia aukerarik ez dago. “Contre-Courant” biribiltzeko sei hilabete lanean egin dut. Beste datu bat: izaera horretako jarduera bat egiteko klimak berebiziko garrantzia du».

Zeharkaldi hori lortu eta gero, Bouvier-ek mezu bat bidali nahi die Fontainebleaun jarduten duten eskalatzaileei: «Badakit zeharkaldiek ez dutela zale askorik, eta batez ere joan-etorriko zeharkaldiak ez zaizkie erakargarriak egiten. Badakit xede hauek pazientzia eta pertseberantzia asko eskatzen dutela, baina nolabaiteko xarma dute. Denbora piloa igaro behar duzu mugimenduak askatzen, lotzen eta erresistentzia hori lantzen. Bai, zeharkaldiek eskalatzaile oso gutxi harrapatzen dituzte. Baina gauza bera gertatzen zaio Seb Bouin-i kirol eskaladan eskola zaharreko proiektuekin. Bide batez, zeharkaldiak probatzen dituztenei errespetua eskatuko nieke. Zeharkaldi batzuk magnesioaren erabilerarekin oso zikin uzten dituzte. Ur pixka batekin eta eskuila batekin garbi utzi daitezke! Hori, bederen, nik egiten dut».

Muturreko zailtasuna duen zeharkaldi hori egin ondoren, Bouvier-ek aurreratu du neguko denboraldi honetan ez duela Fontainebleaun beste helbururik: «Hotzarekin eskalatzea ez dut gustuko. Niretzat tenperatura egokiena 10° eta 15° artekoa da. Gainera, “Contre-Courant”-en gaizki pasatu dut. Zauri arin batzuk izan ditut, eta hauek osatzeko denbora hartu behar dut. Osatu eta, ondoren, beste abentura batzuk helduko dira. Boulderrean beste eskalatzaile batzuekin oso gutxitan egoten naiz. Otso bakartia naiz! “Contre-Courant”-en bakar-bakarrik egon nintzen. Bazirudien Franchard Sablon sektorea uharte isolatu bat zela. Isatis sektorean, berriz, makina bat autokarabana eta eskalatzaile zeuden. Egun bakar batean eskalatzaile batekin topo egin nuen. Han zela, telefonoa hartu eta lagun batekin solasaldi luzea izan zuen. Asko molestatu ninduen; ez zuen batere errespeturik izan. Otso bakarti bat bihurtu naiz!».

Higball

Aubin Salmonek ez du zeharkaldi amaigabe horietan jardun, baizik eta oso garaiak den bloke batean. Hots, highball batean. “Pachamama” (8a+) du izena, 8 metro ditu eta blokearen giltza goialdean du. Bada, Salmonek boulder altu horren lehen igoera egin du.

Zeharkaldiek bezala, highball-ek ez dute jarraitzaile asko. Eta hori ulertzekoa da; izan ere, bloke horiek eroriko oso arriskutsuak dituzte. “Pachamama” ez da gaurko kontu bat. Duela hamabost urte Julien Nadirasek mugimendu guztiak deszifratu zituen. Baina aurreratu behar dugu ekinaldi guztiak sokarekin egin zituela. Ondoren, bloke garai hori ahaztu egin zen; inor ez zen “ausartu” Nadirasen lekukoa hartzen.

Eskalatzaile honek helburu horretan izan zuen eskarmentua gogora ekarri nahi izan du: «Garai haietan highball bat edo beste probatzen egon nintzen. “Pachamama”-k, adibidez, “Demonia”-ren (5 metro) lekua hartu zuen. “Pachamama” behin baino gehiagotan kateatu nuen. Une jakin batean erabaki nuen garaia zela sokarik gabe probatzeko. Hots, behin betiko ekinaldia egiteko. Koltxonetak ondo antolatu nituen, baina euria hasi zuen. Seinale bat bezala hartu nuen, eta ez nintzen berriro itzuli. Aubinek egin duena txalotzeko modukoa da, besteak beste, pareta horrek dituen mugimendu handiek konpromisoa eskatzen dutelako. Fabien Marchand-ek ere sokarekin kateatu zuen, eta 8a+ proposatu zuen. Nire iritzi apalean 8b edo 8b+ zen».

Bertako eskalatzaileak edo bleausard-ak ez dira harritu Salmonen lanarekin. Badakite zailtasun tekniko handiak menderatzen dituela, eta arriskua ere ondo kudeatzen duela. Indarra eta buru ondo sendotuak ditu, eta arestian aipatu dugun “Demonia” egiten bakarrenetarikoa da.

Eskalatzaileak adierazi du “Pachamama” 2017. urtean ezagutu zuela: «Inguru hartan hainbat bloke egiten nenbilen, eta boulder garai horretara kuriositatez hurbildu nintzen. Iazko neguan, Fab Chavanneu-k esan zidan pare bat saialdi egiteko. Elkarrekin aritu ginen, highball-ak gustuko baititugu. Hasieran sokarekin jardun genuen, eta ordubeteko saioan mugimendu guztiak askatu nituen. Atseden hartu ondoren, bigarren ekinaldian kateatu nuen».

“Pachamama”-k hiru zati ezberdin ditu. Lehenak pauso gogor bat du helduleku alderantzikatu batean. Ondoren, sekzio bat oin txarrekin eta mugimendu handiekin. Eta amaitzeko, bidearen giltza dago.

Sokarekin probatu ondoren, Salmonek “babes” hori alde batera utzi zuen: «Bloke hori korridore batean dago, eta ia beti haizea egiten du. Joan den abenduan baldintza oso kaskarrak zeuden, baina zortea izan nuen pare bat egunekin. Hamabi koltxoneta eraman nituen. Beldur nintzen, oso estresaturik. Eskalatzen hasi bezain laster lasaitu nintzen. Banekien ezin nuela akatsik egin. Eta azken mugimenduan zalantza batzuk izan nituen. Alabaina, amaierara erorikorik gabe heltzea erdietsi nuen. Sekulakoa izan zen!».